Afrikako zinema emanaldiagaz ekingo diote Derandein Asteari

Joseba Derteano 2018ko eka. 4a, 13:16

Derandein Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetan lan egiten duen fundazioa da. Hango errealitateaz herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko, ekitaldiz beteriko astea antolatu dute gaurtik ekainaren 10era Zornotzan. Aurtengoa bigarren aldia izango da.

Afrikaldia izeneko zinema emankizunagaz hasiko dute Derandein Astea. Ekainaren 5ean eta 7an, 18:00etatik 20:00etara, film labur bi eskainiko dituzte egun bakoitzean Zelaieta Zentroko auditoriumean eta, ostean, zine foruma egingo dute. Horrez gainera, aste osoan zehar 'Afrika 2030' izeneko erakusketa egongo da ikusgai konferentzia aretoan.

Barikuan Derandeinek bere proiektuen berri emango du 20:00etan hasiko den aurkezpenean. Esaterako, Zornotzatik Mundura egitasmoaren bidez, Kenyako zenbait komunitatetan hainbat lan egin dituzte oinarrizko hezkuntza hobetzeko. Etorkizunera begira hainbat asmo dituzte eremu hartan: ikasgela batzuk konpontzea, maisuak kontratatzea eta guraso zein eskolentzako tailer hezigarriak antolatzea, besteak beste. Ekainaren 9rako, 18:00etan, Udako Jai Afrikarra antolatuko dute Zelaieta parkean.  Bertan, askotariko ekintza eta jokoak egongo dira umeentzat.

Azkenik, Zornotza Mendi Taldearen laguntzagaz, martxa bat antolatu dute domekarako. 10:00etan hasiko da, Jauregibarrian. Ibilbide bi daude eta bietan fundazioari izena ematen dion Derandein auzotik igaroko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!