Durangaldeko bidegorri sarea bultzatzeko konpromisoa hartu du Zornotzako Udalak

Joseba Derteano 2018ko mai. 27a, 09:15
Zornotzako EH Bilduko Urko Lopez mozioaren gaineko azalpenak ematen atzoko udalbatzarrean.

EH Bilduk aurkeztutako mozioa aho batez onartu dute.

Zornotzako Udalak Durangaldeko bidegorri sarea “bultzatu eta horren alde lan egingo du”. Horixe jasotzen du barikuko udalbatzarrean aho batez onartu zuten mozioak. Horrekin batera, Bizkaiko Aldundiari honakoa eskatu diote: Aldundiak berak eta Elorrio, Atxondo, Abadiño, Durango, Iurreta, Zornotza, Berriz, Zaldibar, Izurtza eta Mañariko udalek osatutako erakunde arteko marko bat martxan jartzea, “bidegorria diseinatu, erantzukizunak zehaztu eta proiektua bera martxan” jarriko lituzkeena.

Durangaldeko herriak batuko dituen bidegorri bat egitea eskualdeko “apustu estrategikoa” da Urko Lopez Zornotzako EH Bilduko zinegotziaren ustez. “Gure ingurunea eta bertako toki garrantzitsuenak balorean jarriko lituzke eta motordun ibilgailuen mugikortasuna murriztea lortuko litzateke”, azaldu zuen udalbatzarrean.

Hiri Ekimeneko Abel Isasik horrelako ekimenak “txalogarriak” direla eta “beti babestuko” dituztela adierazi zuen.  Bidegorriak “bere osotasunean” diseinatu eta egin behar direla proposatu zuen. “Gaur egun Bizkaian daudenak bata bestearengandik guztiz isolatuta dauden tarte laburrak dira”. Proiektua disenatu aurretik txirrindulari elkarteekin batu beharko litzatekeela uste du, “euren beharrizanak entzuteko”.

Alicia Hernandez PSE-EEko zinegotziak horrelako ekimenek “osasunaren eta bizitza kalitatearen" ikuspegitik dituzten onurak azpimarratu zituen eta ingurugiro “garbiagoa eta atseginagoa” ahalbidetzen dutela azaldu zuen.

Azkenik, EAJko Iker Basagoitik ere mozioaren alde egingo zutela aurreratu zuen. “Eskualdeko beste herriekiko Zornotza da seguruenik distantzia handiena duena eta, gure kasuan, beste herrietara joateko zein herri barruan dauden poligonoetara eta auzoetara heltzeko baliagarria izango litzateke”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!