Urtea amaitzeko sei hilabete falta diren arren, barikuko udalbatzarrean 2019ko tasak eta zergak onartu zituzten, aho batez. Maiatz inguruan onartzen dituzten hirugarren aldia da. Ordenantza fiskalak maiatzean onartzeak aurrekontuak lantzeko malgutasuna eskaintzen diela diote udal arduradunek. “Gaurtik aurrera aurrekontuak lantzen jasiko gara”, azaldu du Andoni Agirrebeitia alkateak. 2017ko likidazioa superabitarekin itxi dutela informatu dute udaletik.
Zerga eta tasa guztiak izoztu egin dituzte. Osorik edo ia osorik izozten dituzten seigarren aldia da jarraian. 2014an, 2015ean, 2018an bere horretan mantendu zituzten, 2019an egingo duten moduan. 2016an eta 2017an uren eta saneamenduen gainekoak bakarrik igo zituzten. “Zornotzako Udalaren egoera ekonomikoak ahalbidetzen digu horrelako erabakiak hartzea”, azaldu du Agirrebeitiak.
EH Bilduk proposatutako “erronka”
Ordenantza fiskalen lanketa prozesuan, Zornotzako EH Bilduk hobariak planteatu zituen kontenedore marroiak maiztasunez erabiltzen dituztenentzat, edukiontzi horiek bizilekutik urrun geratzen zaizkien auzotarrentzat eta konposta egiten dutenentzat. Baina ezin izan dira aurrera eraman ez direlako legezkoak eta horren kontrako sententzia bat dagoelako. “Merezi duten proposamenak” direla uste du Urko Lopez zinegotziak eta udal gobernu honi zein hurrengoei “erronka” bat plazaratu die. “Merezi badute denen artean bideak aurkitu ditzagun horiek ahalbidetzeko”.