Bilboko Miribillan eman zizuten domina. Zelan gogoratzen duzu eguna?
Euskadiko txapelketa baten barruan izan zen. Ilusioa egin zidan, jakina, baina, egia esanda, ilusio handiagoa egin zidan orain hiru urte eman zidaten brontzezkoak, lehenengoa zelako. Cartagenan (Valentzia) izan zen, Espainiako txapelketa batean. Poz ikaragarria eman zidan nitaz gogoratu izanak. Nire kirol ibilbideari egindako errekonozimendua zela sentitu nuen.
Zein izan da zure kirol ibilbideko lorpenik handiena?
1976an eta 1977an Euskadiko txapelketak irabazi nituen. Ondorioz, Espainiako txapelketa bitan parte hartu nuen. Ciudad Realen jokatutakoan laugarren geratu nintzen. Tira, sekula ez naiz izan fenomeno bat. 1984an gimnasio hau jarri nuen martxan, irakastea asko gustatzen zitzaidan eta.
Orduko txapelketak, zelakoak ziren?
Askoz gogorragoak. KO-rako borrokak ziren, eta ez genuen buruko babesik janzten. Gorputzekoak ere xumeagoak ziren.
Nork irakatsi zizun?
Koreako maisu bat izan nuen Bilbon. Borrokako teknikez gainera, bere inguruko filosofia eta antzerakoak ikasi gura nituen. Horregatik jo nuen korear batengana, taekwondoa hangoa delako. Baina Koreako armadako kapitaina izana zen eta oso zorrotza zen, zorrotzegia. Eta izaera aldetik ez zen eredugarria. Nik ez dut nire gimnasioa bere irakaspenen gainean eraiki.
62 urtegaz jubilazioan pentsatzen ari zara?
Ez dakit, ba! Apurka gerrikoak lortzen ari diren gazteei gerriko beltza hartu arte lagundu gura nieke. Ez nituzke bide erdian utzi gura. Momentuz, ez dut erretiratzeko asmorik. Seme-alabek beste bide batzuk hartu dituzte… Nire erreleboa hartzeko norbait aukeratzen dudanean, ez da edonor izango. Nire filosofia berdinagaz jarraituko duela seguru nagoen bat izango da.
Ogibide bat baino gehiago da?
Nire bizitza da. Eta makina bat arazo eramaten ditut etxera. Gaztetxo batzuek izaera gatazkatsua dute eta laguntzen saiatzen naiz. Gogoan dut Europa ekialdeko gazte baten kasua. Umezaro zaila izan zuen, umezurztegi batetik zetorren. Lagundu egin genion eta gaur egun mutil zoragarria da. Sarritan txarto pasatzen dut horrelako kasuekin, baina eskaintzen diozun laguntzak fruituak ematen dituela ikustea pozgarria da.
Beraz, dena ez da borrokarako teknikak erakustea.
Ikasleak borrokalari onak baino, pertsona onak izan daitezen gura dut. Kirolari hobeak edo txarragoak direla? Barru-barruan hori ez da gehien inporta zaidana. Askori umetatik erakutsi diet, eta orain nagusitan kalean ikusten ditudanean, nirekiko estimu hori sumatzen dut. Hori ordainezina da.
Zelakoa da taekwondoaren egoera gaur egun?
Gero eta gazte gutxiagok parte hartzen dute Euskadiko txapelketan eta penagarria da. Ez dakit seguru zergatik gertatzen den. Gimnasioen artean inbidiak daude, botere borrokak. Ni ez naiz horrelako kontuetan nahasten.