Beste aldaketa bat arratsaldeko ordutegia da. Aurreko aldietan baino ordubete arinago hasi eta amaituko da: 18:00etan hasi eta 21:00etan amaitu. Horrela, afariak emateko malgutasun handiagoa izango dute jatetxeek. Goizean ohiko ordutegiari eutsiko diote.
Aurten pintxoaren prezioa ez da finkoa izango. Parte hartzaileek erabakiko dute, beti ere, baremo baten barruan: euro baten eta biren artean. Nobedadeekin amaitzeko, puntuazio txartelak uzteko tabernetan jartzen diren kutxetan telefono zenbaki bat egongo da eta parte hartzaileek zein kontsumitzaileek erabili dezakete udalari informazioa helarazteko edo inzidentziaren baten berri emateko.
Tabernak eta jatetxeak bost gunetan banatu dituzte. Txapelketan parte hartzeko gune bakoitzeko hiru pintxo dastatu behar dira —15 guztira— eta ondoren puntuatzeko txartelak bete. Parte hartze bakoitza 500 euroko zozketa batean sartuko dute. Sari banaketa domekan, 20:00etan, izango da Zelaieta Zentroko auditorioan.Herritarrekin botoekin aukeratuko dute irabazle bat eta epaimahai profesionalaren irizpideen arabera bestea. Zerbitzaririk profesionalena ere bereiztuko dute. Gainera, 10 pintxorik onenen zerrenda osatuko dute.
Ekimena aurkezteko gaur egindako prentsaurrekoan iazko irabazleak izan dira: Boroa jatetxeko sukaldari buru Iñigo Elorriaga eta Berezi tabernako Kontxi Iruarrizaga. Iruarrizagak, esaterako, adierazi du txapelketa hau aproposa dela herriko tabernak eta jatetxeak ezagutara emateko. “Batzuek txapelketa honen bidez ezagutu izan dituzte”. Iaz, guztira, 60.000 pintxo banatu ziren.
ORDUTEGIA:
Maiatzak 24: 18:00-21:00.
Maiatzak 25: 12:00-15:00 / 18:00-21:00.
Maiatzak 26: 12:00-15:00 / 18:00-21:00.
Maiatzak 27: 12:00-15:00 /20:00etan sari banaketa.