Gerra zibilean hildakoak omenduko dituzte, belaunaldi berrienganako transmisioan eragiteko

Joseba Derteano 2018ko mai. 18a, 12:00

Zornoza elkarteak antolatuta, gerra zibilean hildakoak oroitzeko ekitaldia egingo dute, bihar, Zelaieta parkean dagoen plakaren ondoan. Sarraskia gogoratzeaz gainera, belaunaldi berrienganako transmisioan eragitea dute helburu elkarteko kideek.

Ekitaldia 12:00etan hasiko da. Zornozako kideek bertaratutako herritarrei eta udal ordezkariei harrera egingo diete eta ekitaldiaren nondik norakoak azalduko dituzte. Ondoren, gerra zibilean hildakoen omenez dagoen plakan lore sorta bat jarriko dute.

Aurten gaztetxo batek egingo du lore eskaintza, transmisioan eragireko duten helburua adierazteko. "Gerra bizi izan zutenek lehenengo pertsonan pairatu zuten gertatutakoa. Haiek zuzenean kontatu zioten bizi izandakoa hurrengo belaunaldiari. Transmisio hori hirugarren belaunaldira heldu dadin, gure aletxoa jartzea da ekimen honen helburua", adierazi du Kepa Arana Zornoza elkarte artistiko kulturaleko kideak.

Lore eskaintzaren ostean, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak berba batzuk esango ditu. Udazken Zornotzako txistulari taldearen saio labur bategaz emango diote amaiera aurtengo aldiari.

Aurten zortzigarren aldia beteko du oroimen ekitaldiak. Gregorio Arrien teologo, abade eta idazleak egindako proposamena izan zuten abiapuntu. Ondoren, 2012an Xabier Legina zornotzarrak koordinatutako Tres generaciones para el recuerdo dokumentalaren aurkezpenetik hartu zuten belaunaldi berriengana heltzeko ideia. Harrezkero, urtero antolatu dute ekimena Zornotzako Zelaieta parkean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!