"Euskal Western txapelketan parte hartzeko entrenatzen hasi gara Hooky eta biok"

Aitziber Basauri 2018ko mai. 20a, 10:30

Egunaren erdia egur artean pasatzen du animaliak eta natura maite dituen gazte zornotzar honek. 'El conquistador del fin del mundo' ETBko saioan ezagutu genuen. Orain, Sospalak izeneko abentura berri batean murgildu da. Egurrezko artisau lanak egiten ditu.

Artiusatza ogibide bihurtzeko abentura hasi zenuen orain hiru urte. Nolatan?
Zazpi bat urtegaz, artisau bat ohol handi bategaz lanean ikusi nuen Basauriko artisautza azokan. Ordubete egin nuen hari begira. Adanen eta Evaren irudi bat lantzen ari zen. Harek markatu egin ninduen;  beti gustatu zait ofizioa. Zaletasuna ogibide bihurtu dut, eta hor nabil, apurka-apurka aurrera egin guran.

Oraindik etxean duzu gordeta erabilitako lehenengo trintxa, zurgintzan erabiltzen den erreminta?
Bai, zortzi bat urtegaz eskatu nuen. Etxean ez da egon inor egurra landu duenik artisau moduan, baina baserrian beti egon dira erremintak: zerra, aizkora, mailua, iltzeak... eta oholak hartzen genituen zerrategitik beti, hau edo bestea egiteko. Beti erakarri nau egurrak. Saguak harrapatzeko tranpa bat izan zen egindako lehenengo pieza, zortzi bat urtegaz. Umetan jostailuak apurtu egiten nituen. Hondeatzaileak eta halako erremintak hartu, eta pieza berriak egiten nituen egurra erabilita.

Egurra zeuk hartzen duzu.
Prozesua luzeagoa da, baina, ahal dudan neurrian, neuk hartzen dut egurra basoan; lagunek baserrian dituzten egur edo ohol zaharrak ere erabiltzen ditut. Bertako arbolak, hemengo artisautzan ezagunak direnak erabiltzen ditut: haritza, gaztaina, intxaurra, zumarra... Gerizondoa ere bai, baina ez da erraza lortzea. Fruta-arbola da, oso preziatua, baina beti dago pieza txiki bat, jausitako gereziondo batena.

Lantzeko, zein duzu gogokoen?
Piezak berak eskatzen du zer erabili, baina gaztaina gustatzen zait. Gozoa da lantzeko, beta polita du eta hemen esanguratsua izan da. Baserrietako altzaririk gehienak gaztainazkoak dira. Haritza haga edo habeetarako erabili da gehiago. Intxaurra ere oso polita da, lantzeko oso gozoa, baina topatzeko zaila.

Artisautza zure bizitza dela diozu.
Ez dut esango obsesio bihurtu zenik, baina ikasle nintzela ere, motxilan erremintak eramaten nituen, eta matematika edo gaztelania eskoletan ateratzen nituen. Irakasleek paso egiten zuten. Arotzeria modulu bat egin nuen, baina, taillan autodidakta izan naiz; apurka-apurka ikasi dut, gero eta tresna hobeak erabilita. Baina asko dut ikasteko oraindik.

Sei urte dira 'El cosquistador del fin del mundo' saioan parte hartu zenuela. Nola gogoratzen duzu?
Ez dut telebista ikusten. Saioa inoiz ikusi barik nuen. Baina, batek esan zidan: "Ez dago potrorik Argentinara joateko!". Nire erantzuna, berriz, "Ez, ba!". Ez naiz damutzen. Esperientzia positiboa izan zen. Onena, egindako lagunak.

Reality horretako esperientzia errepikatuko zenuke?
Kamerarik barik eta izan nuen taldeagaz, igual bai. Aurretik ere ezaguna nintzen, baina hasieran ilusioz hartutako ospea eraman nuen txarren. Ia irten ere ez nintzen egiten; apur bat gogaituta amaitu nuen.

Hooky lagun leiala duzu.
Basora edo herrira, ahal dudan guztietan ematen dut bueltatxoa beragaz. Izerdia bota ostean tragotxo bat ondo sartzen da, eta kanpoan lotu eta itxaron egiten nau.

Begi-bistakoa da Western zalea zarela.  Zerk erakartzen zaitu?
Euskal Western elkarteak antolatutako txapelketak umetatik bizi izan ditut, osabagaz, eta, aurten, parte hartzeko esperantza daukat. Entrenatzen hasi gara Hooky eta biok. Country musika ere oso gustuko dut, eta aitita-amamekin ETB2ko western pelikula guztiak ikusitakoa naiz. Clint Eastwood aktorearen filmak gustatzen zaizkit: Infierno de cobardes oso ona da; baita Jinete pálido eta Fuera de la ley ere.

Alboka ere jotzen duzu…
Txikitatik markatu nauen beste zaletasun bat. Eskolan, Euskal Astearen barruan, euskal instrumentuen erakustaldi batean liluratuta geratu nintzen. Baserrira etorri eta alboka egiten saiatu nintzen, baina… hor dago proiektua. Bat erosi eta jotzen ikasi nuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!