Amatasun ikastaroa antolatuko dute Zornotzan

Anboto 2018ko mai. 15a, 10:03

Tailerra ekainaren 5, 12 eta 19an egingo da.

Zornotzako Udalak amatasunari buruzko tailer bat ere eskainiko du. Gune honetan tresna bi landuko dira emakume-amek beraien amatasuna bizitzeko leku desberdin bat eraiki dezaten. Tailerrean bakoitzak bere buruarekin egin beharreko negoziazioak landuko dira, norbera den benetako ama horrekin bateragarria den amatasun bat bizi ahal izateko, bakoitzak dituen aukerak eta inguruabarrak kontuan hartuz, udalak ohar batean azaldu duenez. Tailerra ekainaren 5, 12 eta 19an egingo da, 17:00etatik 19:00era Zelaieta Zentroan. Gainera, etorri nahi duten amek horretarako aukera izan dezaten, haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da. Izena-emateko epea maiatzaren 29an amaituko da eta berdintasuna@amorebieta.eus helbide elektronikoaren bidez egin daiteke.

Emakumeei zuzendutako beste ikastaro bat ere antolatuko dute zoru pelbikoaren patologiaren prebentziorako. Erditzeek, adinak edo ohitura txarrek berau ahultzea ekar dezakete ondokoak sorraraziz: txizari eutsi ezina, prolapsoak, sexu disfuntzioak edota gerrialdeko mina.

Okerrera egin ez dezan eta, batez ere, honen egoera hobetzeko, Zornotzako anbulatorioan ikastaro bat egingo da ekainaren 4, 11 eta 18an.  18:00etatik 19:30era izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!