Nafarroako Egues herrian egiten den duatloitik hartu dute ideia. "Gu urtero joaten gara eta parte-hartzailerik gehienak euskaldunak dira. Proba polita da taldean parte hartzeko. Handik ekarri dugu ideia", adierazi du Amorebeita-Etxano Triatloi Taldeko Edu Lakuntzak. Sasoi batean Hondarribian egiten zen eredu bereko triatloia ere gogoratu du. "Urte batzuk joan dira, baina jendeak oraindik gogoratu ohi duen triatloia da", dio Lakuntzak.
Atletismo pistan hasita
Zapatuan 20 bat talde batzea itxaroten dute. Larrea kiroldegiaren atzealdeko atletismo-pistatik txandaka eta minutu bateko aldeagaz irtengo dira, 15:00etan hasita. Lehenengo, korrika egingo dituzte bost kilometro. Kalera irten aurretik pistari itzuli bat emango diote. Ondoren, 19,4 kilometro egingo dituzte bizikletan eta, amaitzeko, beste 2,5 kilometro korrika.