Arreta gune handiagoa izango dute Zornotzako udaltzaingoaren azpiegitura eraberrituek

Joseba Derteano 2018ko mai. 9a, 13:02
Lanak amaitzean arreta guneak izango duen itxura erakusten duen infografia.

Urteko azken hiruhilekoan udaltzaingoaren bulegoak berrizteko lanak hasiko dituzte 315.000 euroko aurrekontuarekin.

Udaltzaingoaren azpiegiturak eraberrituko ditu udalak. Itxura aldaketa "integrala" izango da Andoni Agirrebeitia alkateak nabarmendu duenez. Aldaketen helburuetako bat herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea da eta, ildo horretatik, arreta gunea handitu egingo dute.

Gaur eguneko arreta guneak zazpi metro karratu ditu eta berriak 15 metro karratu izango ditu. Beraz, bikoiztu egingo dute sarrerako espazio hori. Handiagoa ez ezik, argitsuagoa izango da, gaur egun sabai aizunak estaltzen duen bobeda —ganga formako jatorrizko sabaia— bistaratuko dutelako eta, beirazkoa denez, handik argitasuna sartuko delako. Udal arduradunek azaldu dutenez, sasoi batean autobus geltoki bat egiteko funtzioarekin egin zuten eraikina, nahiz eta sekula ez zitzaion erabilpen hori eman. Horregatik du bobeda itxurako teilatua.

Sarrerak eta aldagelak

Sarrera nagusia espaloiaren parera ekarriko dute, mailak eta arrapala kenduta. Atearen inguruan U-Glass izeneko beira jarriko dute eta sarrera osoa argitsuagoa izango da. Inguru horretan bigarren sarbide bat ere egongo da, zuzenean biltegiarekin lotuta. Udaltzainek, aldiz, aldagela handiagoak eta berriak izango dituzte. Dutxa eta armairu berriak izango dituzte eta komunetako bat egokitua izango da.

Lanak 2018ko azken hiruhilekoan hasiko dira eta lau hilabete iraungo dute, 315.000 euroko aurrekontuarekin. Lanek irauten duten bitartean, udaltzaingoaren bulegoak udaletxeko bulego teknikoa dagoen tokian egongo dira. Espazio bat atonduko dute udaltzainentzako.


Lanen osteko sarrera erakusten duen infografia:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!