Zornotza, Larrabetzu eta Morga batzen dituen mendi tontor horretan eusko gudariek tropa frankistei aurre egin zieten 1937. urtean. Gaur egun, oroimena, justizia eta egia aldarrikatzeko topagune bilakatu da eta Bizkargi Gogoratuz Elkarteak urtero Bizkargi Eguna antolatzen du. Aurtengo aldia datorren domekan izango da.
Trikitilariekin eta txistulariekin hasiko dute eguna, 11:00etan. Eguerdian, 12:30an, oroimen ekitaldia eta desfilea izango dira. Jarraian, Larrabetzuko Bizkargi Dantza Taldearen erakustaldia, Xabier Arriagaren, Onintza Enbeitaren eta Asier Galarzaren bertsoak eta Enekoren kantaldia hasiko dira. 13:15ean, Etxebarria aita-seme trikitilarien erromeriak jarriko du jai giroa. Egun osoan jan-edanerako aukera egongo da.