Zornotza STko juniorrak Bizkaiko txapeldunorde geratu dira

Anboto 2018ko api. 29a, 17:34
Zornotza juniorrak Leioako azken fasean (Argazkiak:Bizkaiko Saskibaloi Federazioa)

Askartzak, etxeko taldeak, irabazi du final orekatua (55-49).

Askartzak eta Zornotzak nesken junior mailako Bizkaiko finala jokatu dute gaur Leioan. Final orekatua eta taktikoa izan da. Lehenengo laurdenean Askartzak hiruko marratik asmatu du. Zornotzari, aldiz, kosta egiten zitzaion jaurtiketa garbiak egiteko zuloak sortzea (22-15). Beraz, bigarren laurdenean aurkarien kantxan presionatzera irten dira eta markagailua irauli dute: 25-26. Leioak irtenbideren bat behar zuen eta zonaldean defendatzen hasi da, emaitza onekin.Atsedenaldian bost puntu goitik zen Askartza.

Hirugarren laurdenean aldea mantendu egin da. Zornotzako Portilla jokalaria fin zebilen jaurtiketa libreen marratik eta puntu baliotsuak eman dizkio taldeari. Partiduko azken txanpan, Askartzak sei minutu zeramatzan punturik sartu gabe, harik eta hiruko marratik berriro asmatu duen arte. Hortxe amaitu dira zornotzarren aukerak.

Finalerdietan, zornotzarrek 61-40 irabazi diote Bilboko La Salleri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!