“Hegaztien argazkietarako, jarri eta itxarotea tokatzen da, borroka edo hegaldiren bat noiz gertatuko den prest”

Aritz Maldonado 2018ko api. 24a, 12:16

Maiatzaren 5ean jakingo du Jesus De Pedrok bere argazkietako batek World Photography Cup-eko Natura ataleko sari bat irabaziko duen ala ez.

Jesus eta Alex De Pedro aita-semeek argazki-denda ezaguna dute Zornotzan Jero Izaguirregaz [emaztea eta ama, hurrenez hurren] batera. Urteetako lanaren aitortza nazioartetik ere heldu zaie, izan ere, Jesusen argazki bat World Photography Cup lehiaketako finalerako izendatu dute.

Nola atera zenuen argazki finalista?

Jesus: Kanpainan ez gaudenetan, asteburuetan irtenaldiak egiten ditugu gustuko ditugun argazkiak ateratzeko. Burgosera [Espainia] joan nintzen hegazti sarraskijaleei argazkiak ateratzera. Han jarri eta itxarotea tokatzen da, borrokaren bat, hegaldiren bat edo edozer gertatzen denerako prest. Kasu honetan, gose dira animaliak eta borrokan egiten dute haragiagatik.

Zenbat argazki atera zenituen hor? 

Jesus: 800 inguru egingo nituen, oso arin doa guztia-eta. Gaitza da azaltzeko, bizi egin behar duzu. Une batean gauza mordoa gertatzen dira: keinuak, mugimenduak... eta horiek erregistratu bakarrik ez, enfokatu ere egin behar duzu...  

Alex: Neurria hartu, enfokatu... ez da botoia sakatzea bakarrik.  

Jesus: WFC eta horrelako lehiaketetan, argazkiak balio ahal izateko,  begia enfokatuta egon behar da, adibidez. Horixe da argazki mota horien zailtasuna, baina horrek egiten du, aldi berean, dibertigarri.

Teknologiak asko erraztu du argazkilaritza?

Jesus: Lehen, kamera analogikoagaz ere bazegoen argazki-sortak egiteko aukera, baina errazagoa da kamera digitalagaz. Gainera, beti atera izan dira mila argazki, argazki bakar batek balio izateko. Hori bai, argazki ona lortzeko, ezinbestekoa da leku onean egotea, ondo enkoadratzea eta une egokian ateratzea, jakina. 

Noiztik datorkizue argazkilaritzarako zaletasuna?

Alex: Niri familiatik datorkit. 

Jesus: Txikitatik erakarri nau. Argazkilariak euren kamera, bateria eta flashak zintzilik ikusita zaletu nintzen; barruraino sartu zitzaidan irudi hori. Baina, batez ere, magiak erakarri ninduen, karretea nola bilakazen den irudi klik bategaz.

Zer da gehien gustatzen zaizuena argazkiak ateratzeko?

Jesus: Naturari argazkiak ateratzea ihesbide moduko bat da niretzat. Guk erreportaje sozial eta industrialak egiten ditugu gehienbat, argazki-denda bati dagokion bezala. Bestelako argazkiak ateratzea terapia moduko bat da niretzat.

Alex: Gustuko dugu gure lana, noski. Adibidez, ezkontzetan ere asko ikasten da; jendea ezagutzen duzu eta argazki berriak probatzeko aukera duzu. Bestela, lagun bategaz bizikleten katalogoak egiten gozatzen dut; lehenbizi, ohiko argazkiak egiten ditut, eta gero angelu berriak probatzen ditut, adibidez.

Jesus: Argazkiaren alde artistikoa jorratuz disfrutatzen dut gehien, gero saltzeko errazenak ez izan arren; asko gozatzen dut ateratzeko uneko magiagaz eta konplizitateagaz. Garrantzitsua da argazkilariak begirada artistikoa edukitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!