Asteburuan Udaberriko Jai Solidarioa egingo dute Zornotzan. Luxury taberna da antolatzailea, udalaren eta Dendariak elkartearen laguntzarekin. Askotariko ekitaldien bidez, janari bilketa egitea da helburua. Ondoren, Gurutze Gorriak jasoko du janaria herrian beharrean daudenen artean banatzeko. Ekitaldiak Luxury taberna dagoen plazan izango dira.
La Otra Mirada elkartekoen laguntza izango dute janari bilketa egiteko. Gura duenak kilo bat janari eraman dezake barikutik domekara plazan jarriko duten postura. Eguenean zehar Lidl supermerkatuan ere egongo direla azaldu dute elkarteko kideek.
Askotariko ekitaldien artean Gurutze Gorrikoek antolatuko duten Dioni Gomezen oroimenezko auzoarteko martxa nabarmendu daiteke. Domekan, 09:00etan hasiko da. 15 kilometro ditu eta Urritxe, Epalza, Etxano, Dudagoitia, San Miguel eta Ibarguren auzoetatik izango da. Izen-ematea Luxury tabernan egin daiteke (5 euro) barikutik aurrera.
Azurmendi jatetxean bazkaltzeko aukera
Antolatzaileek azaldu dutenez, 10 kilotik gorako janari donazioa egiten dutenen artean Eneko Atxaren Azurmendi jatetxean bazkaltzeko bazkari bi zotz egingo dituzte. Zozketa domekan, 13:00etan, izango da. Saria irabazteko hautagai direnak plazan egon beharko dute zozketaren unean, bestela zotz egiten jarraituko dute bertan dagoen bat aurkitu arte.
EGITARAUA: APIRILAK 20, OSTIRALA
18:00; Pregoia.
18:20; Kalejira eta buruhandiak.
19:00; Pailazoak: ‘Lan maleta de Lekim’.
20:30; DJ Fardy.
ZAPATUA
11:00; Umeen lasterketa (sariak parte hartzaile denentzat)
12:00; Gazteen herri kirolak.
17:00; Gurutze Gorriaren erakustaldia eta umeentzako tailerrak.
18:00; Arte Martzialen erakustaldia.
20:00; ‘Blanco y en Botella’ taldearen kontzertua.
DOMEKA
09:00; Auzoarteko martxa Zornotzako auzoetatik.
10:00-15:00; Herriko denden merkatua.
13:00; Azurmendi jatetxerako bazkarien zozketa.