Bihar goizean irekiko dituzte Autzaganeko tunelak

Joseba Derteano 2018ko api. 13a, 11:38
Gaurko bisitako irudia. (Argazkia: www.bizkaia.eus)

Goizeko 07:00etatik aurrera erabilgarri egongo dira. Bide zaharrean oinezkoentzako eta bizikletentzako bidegorri bat egingo dute.

Unai Rementeria  Bizkaiko Aldundiko ahaldun nagusiak gaur goizean iragarri duenez, zapatu honetatik aurrera irekita egongo dira Autzaganeko tunel berriak. Hain zuzen, bihar goizeko 07:00etan irekiko dituzte. Egunean 16.000 ibilgailuk erabiliko dituztela kalkulatu dute.

Bost urte iraun dute lanek eta 70 milioi euroko inbertsioa izan dute. "Obra ikaragarri konplexua izan da. Teknikoki zein ingurugiro ikuspegitik erronka bat izan da", adierazi du Rementeriak.

Errepide zaharrean, bidegorria

Tunel berriekin mendateko errepide zati batean, Autzagane gainetik igarotzen denean, askoz trafiko gutxiago egongo da. Ildo horretik, zati horretan oinezkoentzako eta bizikletentzako bidegorria egingo dutela iragarri du Rementeriak. Laster hasiko dituzte bidegorria egiteko lanak eta uda ingururako amaitzea itxaroten dute 725.000 euroko aurrekontuarekin. 1.600 metroko luzera izango du tarte berriak. Gaur egun, Katia auzora arteko bidegorria eginda dago. Beraz, lanak amaitzean Zornotzatik Autzagane gainera arte bidegorritik joateko aukera egongo da.

Gaur goizean tunel berriak bisitatu ditu Rementeriak eta orduan eman ditu azalpenak. Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea zein Gernikako eta Muxikako alkateak ere azpiegitura berrietan izan dira, beste hainbat ordezkarirekin batera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!