Ama izateagatik Zornotzako enpresa batek emakume bat kaleratu gura izatea salatu du LABek

Jone Guenetxea 2018ko api. 10a, 11:46

Zornotzako Abrasivos Texajax enpresak emakume bat ama izatearren kaleratu gura izatea salatu du LAB sindikatuak. Gaur goizean, kaleratzearen inguruko epaiketa egin dute Bilbon. Zornotzako Talde Feministak emakumea babesteko elkarretaratzera deitu du, zapatuan, Zornotzan. 

Zaloa Ibeas de la Cruz LABeko idazkaritza feministako kideak azaldu duenez, emakumea ama izan ostean lanera itzultzera zihoanean, "enpresak kalte-ordaina ordainduta kaleratzea proposatu zion. Bere lanpostuan gizon bat zegoela eta beregan konfidantza galdua zutela esan zioten. Beraiek ez zutela kontziliazio neurririk hartu gura, eta kalte-ordainagaz kaleratzea proposatu zioten".  Langileak bere lanpostua mantendu gura zuela erantzun ziela azpimarratu du LABek, eta argi gelditzen dela "ama izateagatik" kaleratu gura dutela. "Zazpi urtean ez du inolako arazorik izan lanean, beraz, oinarrian ama izatea da kaleratzearen arrazoia". 

Zornotzako Talde Feministak emakumea babesteko elkarretaratzera deitu du, 12:00etan, herriko Udaletxe plazan. "Horrelakorik berriro gerta ez dadin ezinbestekoa da kasu honen aurrean erantzun masibo bat ematea", diote mugimendu feministako kideek. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!