“Harrobiaren aldeko apustua egingo dugu eta arriskatzeko prest gaude”

Joseba Derteano 2018ko api. 9a, 09:29

Uztailetik aurrera, Jon Larrea Gonzalez (Zornotza, 1976) izango da Amorebieta futbol klubeko presidentea. Maria Eugenia Etxebarria, gaur eguneko presidentea, ordezkatzeko aurkeztu den hautagai bakarra izan da bera.

Hamaika laguneko lan taldeak lagunduta, argi du bere proiektuko zutarria zein izango den: harrobia. “Herriko jendearen eta harrobiaren aldeko apustu sendoa egin gura dugu eta arriskatzeko prest gaude”, adierazi du ogibidez abokatua den zornotzarrak.

Bigarren B Maila kategoria gogorra da, esperientzia duten eta zailduta dauden jokalarien gotorlekua. Behetik datozen jokalari gazteei falta ohi zaizkien dohainak dira, hain zuzen. “Horrek ez dit beldurrik ematen”, adierazi du Larreak. “Arrisku hori hartzeko gogoa dugu eta badakigu ondorioak zeintzuk izan daitezkeen. Harrobiko futbolagaz egindako lanak markatuko digu gure tokia zein den”, gehitu du. Entrenatzaileen formazioan sakontzea eta ikastetxeekin hartuemanak sakontzea dira harrobia are gehiago sustatzeko buruan darabiltzaten ideia batzuk.

Klubeko bazkide eta jokalari
Amorebietako zuzendaritzan lehen esperientzia izango du, baina ondo eta barrutik ezagutzen duen kluba da. Umetatik bazkidea da eta klubeko futbol jokalaria izan zen: hiru urtez gazteen taldean eta beste urte bitan, nagusiekin. “Futbola asko gustatzen zait. Etxean betidanik ezagutu dut eta ni neu futbol jokalaria izan naiz”, esan du. Zaletasun horrek eta herriko jokalariak oinarri dituen proiektua garatzeko ilusioak eraman zuten bere burua presidente izateko aurkeztera.

Maria Eugenia Etxebarriak eskainitako laguntza azpimarratu du. “Niri laguntzeko prest eta behar nuenean besoak zabalik aurkitu dut”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!