Montecalvotik eta Autzaganetik igarotzen den ibilbidea berreskuratuko du Zornotzako Udaberriko Klasikak

Jone Guenetxea 2018ko mar. 27a, 13:40

Apirilaren 8ko lasterketan Movistar Team taldeko Alejandro Valverde izango da faboritoa. 

Amorebieta Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen 64. Zornotzako Udaberriko Klasika aurkeztu dute gaur goizean. Ibilbidea izango da lasterketaren nobedadeetako bat. Izan ere, Autzaganeko obrak direla eta 2013an aldatu zen ibilbidea berreskuratuko dute aurten. Beraz, Montecalvotik eta Autzaganetik igaroko dira txirrindulariak. Aurreratu dutenez, Zornotzako herrigunetik ere pasatuko dira txirrindulariak zaleen gozamenerako.

64. edizio honetan profesionaletan diharduten 17 taldetako 137 txirrindularik  parte hartuko dute. Faborito nagusia Movistar Team taldeko Alejandro Valverde dela aitortu dute antolatzaileek. Euskadi Basque Country Murias taldea ere Zornotzako Klasikan izango da. 

Aurkezpenean, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak Amorebieta Txirrindulari Elkarteari, babesleei eta lasterketan parte hartzen duten boluntarioei eskerrak eman dizkie. 

Asteburu honetan junior, kadete eta 23 urtez azpiko txirrindularien txanda izango da. Martxoaren 31n, junior mailako 30 talde abiatuko dira, 67 kilometroko ibilbidea osatuz. 16:30ean berriz, kadete mailako 24 taldek 42 kilometroko ibilbidea egingo dute. Bestalde, apirilaren 1ean, 23 urtez azpikoen lasterketa 11:00etan hasiko da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!