Zornotzako talde feministak Facebooken idatzi duen mezua:
Zornotzako enpresa batean emandako gertakari tamalgarri baten berri izan dugu. Enpresa honetako langile batek emakume izateagatik diskriminatua eta baztertua izan dela salatu du.
Emakumeok ama ez izateko aukera dugun bezala, ama izateko aukera ere badugu, eta askatasun osoa dugu erabaki bat edo beste hartzeko. Horrenbestez, ez dugu zentzu horretan inolako diskriminazio edo erasorik onartuko. Ama izateak ez gaitu bizitza prekario batean kokatu behar. Ama izateagatik ez ditugu pertsona eta langile bezala dagozkigun eskubideak galtzen.
Egoera hau ez da kasu isolatu bat. Hau guztia emakumeok sistematikoki zapaltzen gaituen sistema kapitalista eta patriarkalaren beste adibide bat baino ez da.
Zornotzako Talde Feministako kideok zer adierazi nahi diogu emakume horri: jasandako erasoen aurrean gure babes osoa duzuela eta guk sinesten dizugula. Horrez gain, gertaera hau irmoki salatzen dugula adierazi nahi dugu eta horrelako kasuak ematea ahalbidetzen duten legeen aurka gaudela.
Horrelakorik berriro gerta ez dadin ezinbestekoa da kasu honen aurrean erantzun masibo bat ematea. Gutariko bat erasotzen dutenean, guztiok erantzuten dugulako. Beraz, zornotzar orori dei egiten diogu gertaera hau salatzeko eta emakume honi babesa emateko antolatu diren mobilizazioetan parte hartu dezaten. Azken finean, bere eskubideak aldarrikatuz, emakume guztionak borrokatzen ditugulako.
Herri osoari zuzentzen gatzaio (eragile politikoei, hezkuntza esparruko kolektiboei, osasun-arloko langileei, familiei, dendariei, ostalariei, gazteei, etxean lan egiten dutenei, langileriari…) egoera honi aurre egiteko konpromisoa ager dezaten eta biktimari babesa adierazteko ondoko deialdietan parte har dezaten:
- Apirilak 10: Kontzentrazioa LAB sindikatuak deituta, Bilboko Epaitegiaren parean, (Berroeta Aldamar, 10), 09:30ean.
- Apirilak 14: Kontzentrazioa Zornotzako Talde Feministak deituta, Zornotzako Udaletxe plazan, 12:00etan.
Bestalde, gure aldarrikapenari atxikimendua adierazteko karteltxoa atxikita duzue. Atxikimendua adierazteko moduak:
- Karteltxoan zure elkartearen edo taldearen izena jartzea eta horrekin argazkia ateratzea eta argazki hori helbide honetara bidaltzea: zornotzakotaldefeminista@gmail.com
- Zornotzako kontzentraziora karteltxoarekin joatea.
Eragile politikoei atxikitzeko gonbidapena luzatzen dizuegu, emakume honek jasandako egoera larriaren aurrean guztion artean erantzun dezagun eta guztion babesa adierazteko.
ZORNOTZAKO TALDE FEMINISTA