“Berdin dit taldean edo bakarka, nik zuzenean jotzen disfrutatzen dut”

Aritz Maldonado 2018ko mar. 25a, 10:30

Bakarkako ibilbideari ekin zion Inunek 2014an, ‘Berreginez’ diskoagaz, eta aste honetan pop estiloko ‘Aingurak’ aurkeztu du.

Zer berritasun dakar ‘Aingurak’-ek?
Orain arte egindakoagaz ikasi eta horren esperientziagaz diskorik borobilena egin dut, nik uste.

Bandagaz grabatu duzu berriz.
Aurrekoan instrumentazio piloa zegoen, baina neuk grabatu nuen ia guztia. Gustatzen zait grabazio prozesua, eta, ahal den heinean, neuk grabatzea. Orain parte-hartze handiagoa egon da musikarien aldetik.

Esku hartzen utzi diezu, beraz.
Kantuaren oinarriak neuk egin ditut, neuk eraman ditut estudiora, eta, gero, gainontzekoek beraien zatiak gehitu dituzte.

Zuzenekoetarako, nola egingo duzu?
Orain artean lez, formatu ezberdinetan eskainiko ditut kontzertuak; egokitu egingo naiz. Nik ez dut nahiago bakarrik jotzea, edo bandagaz jotzea. Nik zuzenean jotzen disfrutatzen dut; gainera, formatu bakoitzak bere kolorea ematen diola uste dut. Bakarrik nagoenean kantak biluziago daude, baina magikoagoa da. Taldean aberatsagoa da musikalki, eta kantek hainbat matiz irabazten dituzte.

Abestietako hitzetako batzuk zeureak dira, baina beste batzuen testuak ere musikatu dituzu.
Bai, beste hiru pertsonak hartu dute parte hitzen prozesuan: Iñigo Astizek, Iñaki Mendizabalek eta Jon Benitok. Disko honetan bi modu izan ditut hitzak musikatzeko. Jon Benitoren kasuan, Aingurak erreketan poema hartu, neure egin eta musikatu egin dut. Iñigo Astizegaz eta Iñaki Mendizabalegaz elkarlan bat egon da. Nik melodiak aurretik eginak nituen eta eurek horren arabera moldatu dituzte testuak.

Zelan joan zen grabaketa?
Nire baserrian grabatzen dut. Bertan ekipo profesionala daukagu; oso grabaketa lasaiak izaten dira zentzu horretan, ez dugulako denboraren presiorik. Nahasketak eta masterizazioa egiteaz Ruben G. Mateos arduratu da, berak borobildu du soinua. Ohikoa da, grabaketez hitz egiterakoan, hitz politekin janztea. Niri asko gustatzen zait grabatzea, baina egia da, baita ere, gogorra dela. Abestiek behar bezala funtzionatzen duten begiratu behar da, gauza berriak probatu, esperimentatu, eta horrek bere buruhausteak sortzen ditu.

Zorrotza zara estudioan grabatzen duzunean?
Bietatik dut. Soinu aldetik ez naiz oso zorrotza, baina buruan daukadana islatu egin behar du kantak. Grabaketa entzuten dudanean, kantaren arima islatuta egon behar da, eta hor bai banaiz tematia. Batzuetan, imajinatu dezaket zer gehitu, adibidez orkestrazio bat, baina beti ez da posible izaten; modu sinplean ere ondo geratzen da beste askotan.

Disko hau, aurrekoak bezala, autoekoiztua da.
Ni ez naiz ibiltzen atez ate. Proiektu bat aurrera eraman gura badut, lehenik eta behin nire kabuz ateratzeko baliabide nahikoa dudala begiratzen dut. Eta, orain arte, eduki ditut. Nahiko Do It Yourself [Zuk zeuk egin] filosofiakoa naiz. Neuk egin ahal badut, hobe neuk egitea beste batek egitea baino.

Diskoaren aurkezpena Bilboko Kafe Antzokian egin duzu. Zergatik han?
Niretzat oso espazio berezia da. Aspalditik joaten naiz kontzertuak ikustera, eta orain Bilbon bizi naizela, gehiago. Sinbolo bat da Bilbon, euskal kulturaren ikonoa, eta ez musika aldetik bakarrik. Aurkezpen kontzertua han egitea oso sinbolikoa da, nire burua bertako filosofiaren baitan ikusten dut eta.

Eta hemendik aurrera?
Da Nola 2016ko urrian kaleratu nuen, eta urte eta erdi baino ez da igaro ordutik. Horregaz kontzertu asko eman nituen, eta honegaz, egia esan, ez naiz gehiegi arduratu oraindik. Batzuk hitzartuta ditut eta ziur gehiago irtengo direla; oso pozik nago eta ezin naiz kexatu.

Pop ukituen, erritmo sakonen eta melodien uztarketa

Berreginez izan zen Inunek kaleratu zuen lehenbiziko diskoa. Bere kasa grabatu zuen, looperra eta bateria elektrikoa erabilita. 2016an, Da nola kaleratu zuen. Lan honetarako, zenbait euskal idazleren poemak musikatu zituen; Jon Miranderen, Itxaro Bordaren eta Miren Agur Meaberen testuak egokitu zituen. Aingurak honetan pop ukituak nagusitzen dira. Erritmo sakonak eta pisutsuak melodia samurrekin uztartzen dira lan berrian. “Disko bat egin aurretik ez dut esaten ‘hau egingo dut’; kantuak irteten zaizkidan bezala egiten ditut”, adierazi du. Hirugarren diskoa izatera, abestiak ere landuagoak direla nabari da, eta Inunek berak ere horrela aitortzen du. Eguneroko beharrari esker artista moduan ere hazten ari dela dio. “Diskoa osatzen duten zortzi abestiek momentu honetan naizena irudikatzen dute”, azaldu du musikari zornotzarrak.

Berbei dagokienez, barrura begirako diskoa dela dio Inunek, eta hausnarketara gonbidatzen duela. “Gaurko egoera sozialari eta norbanakoari buruzko galderak eta kritikak planteatzen dira bertan”, adierazi du. Aingurak kontzeptua bera Jon Benitoren Aingurak Erreketan poematik hartutako ideia bat da. “Olerki izugarri ederra da, eta diskoaren arima oso ondo irudikatzen du aingurak”, gehitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!