Gerra Zibileko eta Frankismoko biktimen zerrenda egingo du Zornotzako Udalak

Joseba Derteano 2018ko mar. 16a, 16:24
Gaurko udalbatzarreko irudia.

Gerra Zibileko eta osteko indarkeria motak “hobeto eta zehaztasun gehiagorekin” ezagutzeko eta “biktimen zerrenda bat izateko” ikerketa bat aginduko dute.

Gerra Zibileko biktimei buruzko erakunde adierazpena irakurri dute gaurko udalbatzarrean. Testuak Gerra Zibileko jazoerak —faxistek hegazkinekin Zornotzan egindako erasoaldiak, esaterako— eta osteko Frankismoko urte “anker eta lazgarriak” gogoratzen ditu: fusilamenduak, kartzelaratzeak, erbesteratzeak, atxiloketak, torturak…

Sufrimendu hori pairatu zutenei izen abizenak jarri gura dizkiete eta “ikerketa sakon” bat egitea proposatu dute, “zornotzarrek bizi izandako indarkeria motak hobeto eta zehaztasun gehiagorekin ezagutzeko eta biktimen zerrenda bat izateko”, adierazpenak jasotzen duenez.

Oraingoz lau fusilatu izan zirela dakite eta euren izenak gogoratuz amaitu dute adierazpena: Luziano Iturreta, Zezilio Zabala, Aita Roman Urtiaga eta Bonifacio Ormaetxe.

Gregorio Mendibilen iragana

Gaurko udalbatzarra amaitu aurretik, fusilatua izan zen Bonifacio Ormaetxearen senide batek hartu du hitza. Oraindik ikerketarik ez dagoela eginda leporatu dio udalbatzarri eta horretarako aukera bat galdu zutela iaz, frankistek Zornotza hartu zuteneko 80. urteurrenean. Galdera batzuk egin ditu eta erantzunak idatziz jasotzea eskatu du. Besteak beste, galdetu du Zornotzako kale bat zergatik deitzen den Gregorio Mendibil, falangista izan zelako. Hori baieztatzeko dokumentuak zituen eskuartean. Horietako batean, Gregorio Mendibilen izena FET y de las JONS alderdiko afiliatuen zerrendan ageri da. Erregimen Frankistaren alderdia izan zen, Frankismoan baimenduta egon zen bakarra. 

Andoni Agirrebeitia alkateak adierazi du galderei erantzungo dietela eta agindutako azterketaren barruan Gregorio Mendibilen kasua ere aztertuko dutela.  

Gregorio Mendibil kalea:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!