“Gastronomia eta kirola uztartu ahal izatea ikaragarria da niretzat”

Maialen Zuazubiskar 2018ko mar. 17a, 12:30

Azken bi urteotan, bere bi afizio nagusiak uztartzen dabil Zigor Iturrieta, EITBko ‘Chiloe’ programari esker. Otsailean denboraldi berria grabatzen hasi, eta lehen bi lasterketetan bi podium eskuratu ditu eubarrak.

‘Chiloe’ren denboraldi berri bat grabatzen hasi zarete, eta lehen bi lasterketetan bi podium lortu dituzu. Gustura denboraldi hasieragaz?
Egia esan, denboraldi hasiera lar ona izaten ari da, eta oso pozik nago. Programak zortzi saio izango zituela jakin nuenean, entrenatzaileagaz hitz egin nuen eta gure asmoa lasaiago hastea zen. Poloniako lehen lasterketan, pultsazioei jarraituta, atzetik aurrerako lasterketa egin nuen, eta hirugarren sartzea lortu nuen. Chihuahuako (Mexiko) lasterketa, berriz, oso bizkorra izan zen eta, han ere, atzetik aurrera egindako lasterketa bati esker, bigarren postua lortu nuen.

Nolakoa izan da Mexikoko proba?
Lasterketa hasiera oso bizkorra izan zen. Raramuriek (Mexikoko indigenek) sentsazioen bitartez egiten dute korrika eta lasterketa hasieran ziztu bizian joaten dira. Beraiekin korrika egitea ikusgarria izan da, beraien arropa eta txankleta bereziekin egiten baitute korrika.

Zer ematen dizu ‘Chiloe’k?
Bidaiatzeko aukera bat emateaz gain, mundua eta hainbat kultura, gastronomia eta lasterketa ezagutzeko aukera ematen dit saioak. Gastronomia eta kirola uztartu ahal izatea ikaragarria da; nire lan perfektua da. Egia esan, gogorra da, baina asko betetzen nau. Toki guztietan turismo bulegoekin lan egiten dugu, eta gidari baten bitartez gauza asko ikusteko eta ikasteko aukera izaten dugu, bidaia espres baten bitartez. Gainera, bertako jakiak jateko aukera izaten dugu. Alde horretatik, pagotxa bat!

Nolakoa da zure bi zaletasunak uztartu ahal izatea?
Kirola eta gastronomia uztartzea neuri otu zitzaidan. Alberto Arizkorreta Chiloeko eta Txorieneko zuzendariak zerbait berria egitea gura zuela esan zidan. Orduan, kirol bidaiak modan zeudela eta horregaz zerbait egin ahal genuela esan nion. Hortik sortu zen saio berezi honen ideia. Lasterketak erakusteaz gain, saioko ikusleei nora joan daitezkeen, zer bisitatu dezaketen eta zer jan dezaketen erakustea du helburu Chiloek.

Lasterketa bat lehiatzen egotea eta, gainera, hori grabatu behar izatea gogorra da?
Oso gogorra da. Lasterketa batera joaten garenean, probaren aurretik lasai egoten gara kirolariok, eta jatekoa ahalik eta gehien zaintzen dugu. Baina Chiloen ez da horrelakorik gertatzen. Joaten garen herrialdeko gauza tipikoak jaten ditugu, eta, gero, denbora guztian gora eta behera ibiltzen gara. Goizean goiz hasten gara grabatzen, 8:00etan, eta 20:00etan amaizen dugu. Tartean, posible bada, entrenamendua egiten dut.

Zein izango da Zigor Iturrietaren hurrengo erronka?
Hurrengo helburua saioko hirugarren proba izango da. Alemanian, Ford izeneko irla batean egiten den maratoi berezi batean hartuko dut parte. Asfaltoan korritzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!