Zornotzan Nafarroa kalearen eta Jauregibarria etorbidearen arteko espaloiak amaituko dituzte

Joseba Derteano 2018ko mar. 13a, 16:02

Inguru hartan kale altzari berriak jarri eta argiztapena hobetuko dute inguruak segurtasun eta kalitate handiagoa izateko.

Zornotzako Udalak Nafarroa kaleko aparkalekuaren ingurua urbanizatzeko lanak hasi ditu. Lan horiei esker, “ingurua hobetu eta herritarrentzat erosoago eta irisgarriago” bihurtu gura du, udaleko ohar batek azaltzen duenez. Espaloi berriak eta oinezkoen pasabide berriak eraikiko ditu oinezkoentzat irisgarriagoak izateko. Altzari berriak jarri eta argiztapena hobetuko du, inguruak “segurtasun eta kalitate handiagoa” izateko.

Nafarroa kalearen eta Jauregibarria etorbidearen artean dagoen aparkalekuaren inguruko espaloiak ere amaituko ditu. Helburua “komunikazioa hobetzea eta aparkalekurako sarbidea herritarrentzat irisgarriagoa egitea da”. Horretarako, aparkalekuaren iparraldean eta mendebaldean espaloi bi egingo dira, 3 metroko zabalera dutenak.

Oinezkoen pasabideak

Oinezkoen hiru pasabide berri ere eraikiko dira. Pasabide horietatik bi jasotakoak izango dira oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko eta bat Aita Santi Onaindia oinezkoen kalearen luzapenean egongo da eta bestea aparkalekurako sarbidean. Hirugarren oinezkoen pasabideak Enrike Renteria eta Nafarroa kaleen arteko komunikazioa hobetuko du. Udalak inguruko argiteria eta hiri altzariak ere hobetuko ditu.

Lan hauek amaitzeko bi hilabete inguru beharko dira eta 105.000 euroko aurrekontua izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!