Gazte Eguneko ekimen denak ohiko ordua baino sei minutu geroago hasiko dira, seigarren aldiari erreferentzia eginez. Kontzertu akustikoekin hasiko dute musika eskaintza. Gaur, 19:36ean, Kito, ito eta Txon, eta Txalaina taldeen kontzertuekin gozatzeko aukera egongo da karpan. Txalainak Ertzainak taldeari gorazarre egiten dion Errekaldeko —Bilboko— bikotea da. Akustikoan eskaintzen dituzte euren kontzertuak.
Ondoren, Zelaietako kontzertu gelara tokialdatuko dute musika eskaintza. Salitre, Primeros Auxilios eta Eztanda taldeak zuzenean arituko dira, 23:06an.
Bihar, 22:06an, K.O. Etiliko eta Arkada Social taldeek eskainiko dute kontzertua karpan. Arrasateko Arkada Social taldeak 21 urte daramatza streetpunka lantzen. K.O. Etiliko, berriz, Kaos Etilikoko abeslari izandakoak beste musikari batzuekin sortu duen talde berria da.
Bazkaria eta olinpiadak
Musikaz gainera, bestelako eskaintza ere badago Gazte Egunean. Bihar eguerdian, Zornotzako eta Usansoloko gazteek gazte olinpiadetan parte hartuko dute. Usansoloko Gazte Eguneko errebantxa izango da. Ondoren, bazkarian batuko dira. Bazkalostea Kittu taldearen musikak alaituko du.