“Lasterketen egutegi bat prestatu dut erronkara sasoian heltzeko”

Joseba Derteano 2018ko mar. 1a, 09:07

GAES entzumen zentroko lehiaketa batean lortutako beka ekimen solidario bat gauzatzeko erabiliko du Aratz Antolin Izagirrek (Zornotza, 1980). 86 kilometro oinez eta korrika egingo ditu Valladolideko Allende Mundi elkarteari laguntzeko.

Zelan ezagutu zenuen Valladolideko Allende Mundi elkartea?
Lehengusina bat boluntario dabil elkarte horretan. Diru arazoak zituztela esan zidan, eta orduan okurritu zitzaidan ideia.

Zer lan egiten dute?
Valladolideko La Rondilla auzoko elkartea da. Beharrizana duten gazteei laguntzen diete, hainbat modutara. Esaterako, eskolan jateko modurik ez dutenei euren lokalean bazkaria ematen diete. Kontua da ez dutela laguntza nahikorik jasotzen eta euren poltsikotik jartzen ari direla dirua. Hango gazte batzuek elkarteko jantokian jango ez balute, familia asko jan barik geratuko lirateke. Horrelakoa da egoera auzo hartan.

Zein da bekagaz aurrera eraman duzun erronka solidarioa?
Nire aitaren jaiolekua Palentziako Arconada de Campos herria da.  Herri txiki horretatik Valladolideko Allende Mundiren egoitzara dauden 90 bat kilometroak korrika edo oinez egingo ditut geratu barik. Uztailaren 27an izango da, aldaketarik ezean. Egun hori aukeratu dugu ilargi betea dagoelako eta gauez hastea delako asmoa. 20 bat ordu izango dira. Sekula ez dut hain distantzia handirik egin.

Korrika egitea gustuko duzu?
Bai, betidanik. Krosean aritu nintzen umetan. Gerora maratoi erdiak eta mendi lasterketak egin ditut. Hemendik probaren egunera arte hainbat lasterketa egingo ditut, prestaketa moduan. Proba batetik bestera distantziak handitzen joango naiz. Lasterketen egutegi bat prestatu dut erronkara sasoian heltzeko. Hurrengoa, martxoaren hasieran, Laudioko lasterketa da. 29 kilometro ditu. Ekaineko azkenak 67 kilometro izango ditu.

Zure erronkak ekaineko horrek baino 23 kilometro gehiago ditu. Arduratuta zaude?
Apur bat, bai. Amaitzea eta ondo aritzea gustatuko litzaidake. Egia esan, bekarik gabe ere baneukan erronka hau egiteko asmoa. Erronkaren aitzakiagaz Allendi Mundi jendearen ahotan jarriko genuela uste genuen.

Erronka egiteko, noren laguntza izango duzu?
Herriko jendearena eta anaiarena. Aste batzuk barru bizikletan egingo dugu zirkuitu osoa, dena planifikatzeko.

Korrika egitea gustuko duzu, baina hain distantzia luzean edozer gertatu daiteke.
Bai, jakina. Orain arte nik egindako distantziarik luzeena 60 kilometro dira. Hiru Haundiak egiten saiatu nintzenean izan zen. Prestatu barik joan nintzen eta ezin izan nuen amaitu. Lasterketa utzi aurreko 15 kilometroak akituta egin nituen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!