Zornotzan Etxanoko elizaraino helduko den bidegorria egiten hasi dira

Joseba Derteano 2018ko ots. 24a, 12:50

Lanak amaituta daudenean, Txolonen hasi eta Etxanoraino oinez zein bizikletaz bidegorritik joateko aukera egongo da.

Proiektuaren bigarren fasean bidegorria Bañerako bidegurutzetik Etxanoko Santa Maria elizara arte luzatuko dute. Lanak amaitu ostean, zornotzarrek errei bi izango dituzte bizikletentzat hiru metroko zabalerarekin, bakarra noranzko bakoitzean, eta jasotako espaloi bat, bi metroko zabalerarekin, oinezkoentzat.

Horrez gainera, errepideko asfaltoa berriztatuko dute eta ibilgailuen abiadura muga 50 kilometro ordukora gutxituko dute. Argi berriak ere jarriko dituzte auzokideen ikuspena handitzeko.

Lanek 500.000 euroko aurrekontua dute eta hiru hilabetetan amaitzea aurreikusten dute. "Hobekuntza lan hauei esker, herriko auzoak hobeto lotuta egongo dira eta gainera, txirrindularien eta oinezkoen bide segurtasuna areagotuko da", azaldu du udalak ohar batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!