“Koadro errealistak daude, eta beste batzuk abstraktuagoak, baina natura da guztietan oinarria”, azaldu du artistak. “Argitasuna aurkitzearen sentsazio hori azaldu gura dut lanekin”, gaineratu du. Obrarik handienek metro bateko zabalera dute; beste batzuk, ostera, txikiagoak dira. “Baditut beste tamaina batzutako lanak, baina erakusketa honetarako hauek moldatzen ziren egokien”, azaldu du.
Zornotzako Zelaieta zentroan otsailaren 28ra bitartean egongo da ikusgai erakusketa. Ostean, sorta bereko lanak beste nonbait erakustea gustatuko litzaioke Urrutiari. “Bagabiltza zerbait topatu guran, eta ate batzuk jo ditugu, baina oraindik ez dugu ezer itxi”, esan du.
Erakusketa joan den otsailaren 8an inauguratu zen, lagun artean. Besteak beste, Ruper Ordorika musikaria egon zen bertan, eta baita Jose Julian Bakedano zinemagilea ere. Ordorikak abestu egin zuen, eta Bakedanoren eta Urrutiaren artean, idatzi bat irakurri zuten.