Ia 700 metroko tunel bik mendateko alde bata besteagaz lotuko dute, goitik igaro beharrik barik. Bihurgune arriskutsuak ekiditea eta trafiko emaria erraztea dira
helburuak.
Lanen zatirik handiena amaituta dago. Errepideko azken asfalto geruza martxoan botako dutela azaldu dute Aldunditik. Horren aurretik, beste aglomeratu kapa bi bota dituzte tunelean zein tunelerako sarreretan, oinarria sendotzeko.
Segurtasun, argindar eta argiztapen azpiegiturak “erritmo onean” doaz. Barrualdeko argiztapen lanak amaituta daude eta kanpoaldekoak jartzea falta da. Horrez gainera, sistema eta sentsore guztiak —fibra optiko bidez— Malmasineko Kontrol Zentrora lotuta daude dagoeneko.
Seinaleztapen bertikalak eta horizontalak zein segurtasun sistemak —hesi metalikoak eta hormigoizkoak— jartzea dira egiteko falta diren beste lan batzuk.
Bihurgunez betetako obra
Errepidearen beraren antzera, bihurgunez betetako ibilbidea izan du proiektuak ere. Lanak 2012an hasi ziren, 2015ean amaitzeko helburuz. Beraz, hiru bat urteko atzerapenagaz amaituko dira.
2015eko abuztuan Aldundiak hautsi egin zuen kontratua proiektua gauzatzeko ardura zuten enpresekin. Izan ere, lanak geldirik zeuden hilabete inguruan. Enpresek ezin zioten aurre egin, besteak beste, ingurumen eskakizunei lotuta eratorritako gainkostuari. Aldundiak orduan azaldu zuenez, kontratuaren baldintza orriak “zehaztasunez” jasotzen zuen gainkostu horiek “obren esleipendunen kargu” geratzen zirela. Kontratua ez betetzearren, 4,2 milioi euroko zigorra jarri zieten. 2015eko irailean lanak amaitzeko proiektua onartu zuten. Bizkaiko errepideen kudeaketaren arduraduna den Interbiak erakundearen bidez, 2016ko urtarrilean esleitu zuten proiektua, 20,3 milioi eurotan, eta otsail amaieran hasi ziren lanean.