Buruz buruko lehian murgildu dira ZornotzaST eta Igualatorio Cantabria

Joseba Derteano 2018ko ots. 16a, 14:00

Zornotza ST eta Igualatorio Cantabria buruz buruko lehia batean murgilduta daude EBA mailan euren multzoko txapelduna erabakitzeko. Denboraldi osoan partidu bana bakarrik galduta, urruti ikusten dituzte aurkariak: bost garaipenera edo haratago. Hamar partiduren faltan euren bien artean dago lehen postua.

Eta ematen duena baino garrantzi handiagoa du postu horrek. Beste multzoko liderraren kontra jokatzeko aukera eskainiko liekete eta, hura menderatuz gero, igoera fasea etxean, zaleen aurrean, jokatzeko eskubidea irabaziko lukete. Denboraldiko partidurik inportanteenak marea berdearen animoek babestuta jokatzea, horixe du jokoan ZornotzaSTk liga erregularra amaitu artean.

Martxoaren 17a talde biek egutegian gorriz borobilduta izango duten eguna da. Elkarren kontra jokatuko dute. Sailkapenean duten berdintasuna apurtzeko aukera bakarra huraxe izango dela ematen du. Baina, bitartean, zornotzarrak ezin dira deskuidatu, eta etxeko lanak egiten jarraitu behar dute.

Kabongoren ekarpena
Bide horretan euren ekarpena egiteko heldu dira Zornotzara Ander Garcia eta Myck Kabongo neguko merkatuan. Garcia aurretik ere ibili da Zornotzan. Kabongok, aldiz, taldeari asko emateko kapaz dela erakutsi du. Kanadako naziotasuna duen joko antolatzaile kongotarrak erronka berrien aurrean kokiltzen ez den horietakoa dela erakutsi du. Esaterako, Zornotzagaz jokatu zuen aurreneko neurketan baloraziorik altuena izan zuen jokalaria izan zen.

Gaur, 18:45ean, Santurtziren kantxa bisitatuko du Zornotzak. Talde arriskutsua da. Hirugarren daude eta aldea murrizteko azken aukeretarikoa dena baliatu gura izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!