Depresioa poesiaren bidez nola gainditu dakar Kabiaren azken lanak

Aritz Maldonado 2018ko ots. 15a, 15:41

Depresioaren gai iluna klixerik erabili gabe jorratu gura izan dute Kabiako kideek Alicia después de Alicia antzezlanean. Poesiaren bidetik jotzeko, egileek aldaketak egin dizkiote Lewis Carrollen Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian ipuin klasikoari.

Horrela, abiapuntua Aliciak —biolinista eta protagonista— sufritzen duen krisia da. 40 urte dituela, ametsak eta errealitateak talka egiten dute, eta protagonistak bere nahi eta kontraesanei buruz egingo duen hausnarketa jorratuko dute obran.

Antzezlaneko zuzendaria Borja Ruiz da, eta antzezleak Haizea Agila, Florentino Badiola, Karol Benito, Yolanda Bustillo, Maria Goiricelaya, Javier Liñera eta Juana Lor dira. Dramaturgiaz Emilio Encabo arduratu da; ilustrazioez, Ane Pikaza; eta animazioez, Gheada.
 
Ercilla 2017 saria
Alicia después de Alicia lanagatik Ercilla saria jaso du Kabia antzerki taldeak. Honako hau bigarren Ercilla saria da konpainiarentzat. Lehenbizikoa Decir lluvia y que llueva lanagatik jaso zuen.

Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere antzeztu ditu obrak Kabiak, eta azken obra hau Durangon eskaini zuten iaz. Alicia después de Alicia antzezlanean videomapping delako teknika erabili dute, antzezleek Aliciaren mundu onirikoagaz konektatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!