“Badakit maila gogorra dela; horrek erronka erakargarriago bihurtzen du”

Joseba Derteano 2018ko ots. 8a, 16:08

Joseba Etxeberriak Amorebieta futbol kluba utzi eta Teneriferako bidea hartu du asteon. Bigarren Mailako taldearen gidaritza eskaini diote eta onartu egin du.

Elgoibartarrak libre utzitako aulkian Xabi Sanchez (Bilbo, 1978) eseriko da asteburuan. Kluba barrutik ezagutzen du eta denboraldia une erabakigarrian sartzera doala ikusita, zuzendaritzak etxeko baten aldeko apustua egitea erabaki du, kanpoan bila hasi beharrean.

Aurten Amorebieta B taldea entrenatzen egon da Erregional Mailan. Salto handia emango du, baina horrek ez duela “kokiltzen” dio. “Badakit maila gogorra dela, baina horrek erronka estimulagarriago eta erakargarriago bihurtzen du”.

Bigarren B Mailan entrenatzaile lanetan falta zaion esperientzia guztia jokalari moduan izan du urte askoan. Amorebietan jokatu zuen bost denboraldiz eta Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara igo zen taldean jardun zuen. Bigarren Mailan jokatzea zer den ere badaki, Eibarregaz.

Zornotzatik Portugaletera joan zen eta han eskegi zituen botak. Harrezkero, Amorebietan dabil. Carlos Dokando eta Aitor Larrazabal Amorebieta entrenatzen zeudenean euren talde teknikoko partaidea izan zen, besteak beste.

Aldaketa drastikorik ez

Entrenatzaile bakoitzak bere estilo liburua ekarri ohi du besapean, baina denboraldi erdia ez da aldaketa handiak egiteko unerik egokiena. “Gauzak ahalik eta gutxien ukitzea eta trantsizioa ahalik eta erosoena izatea dira helburuak. Beti gehitu edo aldatu daiteke ñabarduraren bat, baina ideia nagusia orain arteko bideari jarraipena ematea da”.

Amorebieta sailkapeneko 12. postuan dago. Denboraldia eskas hasi eta jaitsiera postuetan egon ostean, gerora gora egin du eta gaur bederatzi puntura dauka amildegia. Hala ere, ez dago lo hartzerik. Zapatuan, 16:00etan, Real Union taldeak bisitatuko du Zornotzako Urritxe futbol-zelaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!