“Areto-futbolari edo partiduei buruz berba asko egiten dugu etxera heltzean; batzuetan orduak eman ditzakegu solasean”

Joseba Derteano 2018ko ots. 4a, 10:30

Izaeran eta gustuetan antza dutela diote. Areto-futbola da partekatzen duten gustuetako bat. Kantxan, etxean zein aisialdian areto-futbola arnasten dute, eta orduak eman ditzakete horri buruz berba egiten Gorka eta Irati Barrenetxeak.

Areto-futbola betidanik bizi izan duzuen pasioa da?
Gorka Barrenetxea: Nik futbolean jokatu nuen gazte mailara arte. Ondoren, Amorebietako gazteen entrenatzaile ibili nintzen. Iazko azken partiduetan batu nintzen Beti Gol taldera. Partiduetarako estrategiak pentsatzea, buruari bueltak ematea… hori guztia asko gustatzen zait.
Irati Barrenetxea: Ni ere futbol 11n hasi nintzen, 6 urtegaz. Amorebietan, Arratian eta Santurtziko Peña Athleticen ibili nintzen. Athleticegaz teknifikazio saioak ere egin nituen. Ondoren, Kataluniara joan nintzen ikastera, eta itzuli nintzenean Beti Golera batu nintzen.

Bikien artean lotura berezia dagoela esan ohi da. Horrela da zuen kasuan?
I.B.: Ez esaten den moduan. Hau da, norbaitek Gorkari zerbait okerra egiten badio, kontuak eskatuko dizkiot eta elkar defendatuko dugu. Baina beste mito hori, batari gertatzen zaiona besteak sentitzen duela eta antzerakoak… ez da gura kasua.
G.B.: Oraingoz ez, behintzat. Izaeran eta gustuetan bai, horretan badugu antza.
I.B.: Eta sarritan gauzak ikuspuntu beretik ikusten ditugu.

Zuen kasuan ez dago bata bestea baino nagusiago edo gazteagoa den neba-arrebarik. Bizitzako etapak une berean bizi izan dituzue. Horrek konplizitate berezia sortu du?
I.B.: Kasu batzuetan bai, baina neska eta mutila garenez, beti izan dugu lotsa apur bat gai batzuei buruz berba egiteko. Futbolagaz eta areto-futbolagaz desberdina da.  

Entrenamenduetan edo kantxan, zertan igartzen da bikiak zaretela?
G.B.: Badakit Irati zelakoa den, zelan pentsatzen duen eta zer egin dezakeen.
I.B.: Egun txarra badaukat, berak badaki zelan erreakzionatuko dudan, eta horren arabera jokatzen du. Horretan igartzen da anai arrebak garena. Baina honek beste aldea ere badu. Kantxan errieta egiten badit, etxera noanean ere errieta egingo dit.
G.B.: Baina ondo jokatu badu, hor ere bietan esango diot, kantxan eta etxean. Badakizu, bikiak onerako zein txarrerako.

Beraz, kantxan gertatzen dena ez da kantxan geratzen?
G.B.: Areto-futbolari edo partiduei buruz berba asko egiten dugu etxera heltzean. Batzuetan orduak eman ditzakegu solasean.
I.B.: Egunero aritzen gara. Batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, baina egunero zerbait. Sasoi batean, gazteen futbol talde bat elkarregaz entrenatu genuen.

Eta zelan irten zen abentura hori? Ondo konpontzen zineten?
I.B.: Ondo. Arazo gehiago izaten nituen gurasoekin Gorkagaz baino. Biok pisu berdina geneukan erabakietan, baina ez gintuzten berdin tratatzen. Normalean, Gorka hartzen zuten ‘benetako’ entrenatzailetzat. Gorka partidu batera joan ezin bazen, honakoa esaten zidaten: “Baina nola joango zara zu bakarrik, neska bat bakarrik!”. Matxismoa zen. Tira, ez nien kasurik egiten.
G.B.: Horrela zen, bai. Ez zuten serio hartzen. Baina gure artean ez zegoen lehenengo eta bigarren entrenatzailerik. Biok pisu berdina geneukan.

Areto-futbolean, zer dohain eta zer gabezia ikusten diozue elkarri?
G.B.: Irati txikitatik futbolean ibili denez, teknika handia du. Hobetu beharrekoa? Alderdi fisikoa, beharbada. Baina dohainak eta gabeziak ondo konpentsatzen ditu.
G.B.: Taldeagaz asko inplikatzen da. Aurkarien partiduak ikustera joaten da eta dena aztertzen du. Eta hori ona edo ez hain ona izan daiteke batzuetan. Hau da, buruari buelta gehiegi ematen dizkio batzuetan. Ez taktika aldetik bakarrik, jokalarien artean arazoren bat badago edo antzerako kasuetan ere bai. Beti arazoak konpondu guran ibiltzen da.

Gorka, aurkarien partiduak ikusten joaten zara?
G.B.: Bai, eta sarritan Iratigaz. Bera bere mutil-lagunagaz eta ni nire neska-lagunagaz. Egun berean partidu bat zein bi ikustera joan gaitezke. Goiz-pasa edo egun-pasa. Kontua ez da aurkariak zelakoak diren aztertzea. Gustatzen zaigulako joaten gara, gozatzen dugulako.

Beti Gol iaz sortu zen, ondo pasatzeko helburu bakarragaz. Baina partidu ia denak askogatik galtzen zenituzten. Aurten lehiara bideratu zarete eta hiru garaipen daramatzazue. Lehiakor sentitzea ondo pasatzeko ezinbesteko osagaia da?
I.B.: Niretzat, bai. Oso lehiakorra naiz. Galduta ez dut gozatzen, eta hamar gol jasota, oraindino gutxiago. Ondo jokatzen, lehiakor sentitzen eta partiduak irabazten gozatzen da. Partidu berdinduetan izaten den tentsioa gustatzen zait.

Zelan hartu zenuten erabaki hori?
I.B.: Bazkide denok batu eta bozketa egin genuen: ordura arte moduan jarraitu edo arau batzuk jarri eta konpromiso maila bat bermatu; horixe zen erabaki beharrekoa, eta bigarrenak irabazi zuen.
G.B.: Lehen galdetzen zen: “Nor dator partidura?”. Orain galdera hau izaten da: “Nor ez dator partidura?”. Ezer esan ezik denok datozela suposatzen da. Askok areto-futbolean esperientzia handirik ez dutenez, pazientzia eduki behar da, baina taldearen garapena nabarmena izan da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!