“Jarraitzeko aukera nuela esan zidatenean, segituan heldu ginen akordio batera”

Joseba Derteano 2018ko urt. 19a, 17:00

Xabi Etxeita atzelari zornotzarrak kontratua berritu du Athleticegaz: 2019ko ekainera arte, beste urtebetez luzagarria delarik. Pozik dago adostu duten akordioagaz.

Zelan joan dira negoziazioak?
2017a amaitu aurretik, datorren urterako taldean baneukala lekua jakinarazi zidaten. Mahaian eseri eta akordiora heltzea erraza izan zen, egia esanda.

Gustura zaude lortutako kontratuagaz?
Bai, gustura. Jokatzen ez duzunean, beste nonbaitera joanda gehiago jokatzeko aukera izan zenezakeela pentsatzen duzu. Baina, gero, hotzean pentsatuta, nire betiko  ametsa Athleticen jokatzea izan da, beti borrokatu naiz hori lortzeko eta hemen nagoenez, zertarako aldatu?

Beste talderen baten eskaintzarik izan duzu?
Deitu izan didate, baina ez dut inoren aukerarik nabarmendu, Athleticen deiaren zain nengoelako. Jarraitzeko aukera nuela esan zidatenean, segituan heldu ginen akordio batera.

Zelan daramazu aurtengo denboraldia? Jokatzeko nahi adina aukera barik?
Pozik hasi nintzen Europa Leaguera sailkatu ahal izateko partiduetan titular jokatu nuelako. Gerora, Ligan ez dut aukerarik izan Real Madrilen partidura arte. Gustura geratu nintzen atea hutsean mantentzea lortu genuelako, eta hori ez da erraza Real Madrilen kontra. Alavesen kontra berriro jokatu eta gol bat sartu nuen. Zentralok ez dugu golak sartzeko aukera askorik izaten. Gehiago jokatzea gustatuko litzaidake, jakina, baina taldekideak ondo aritu dira, ez dute lesiorik izan…

Kili-kolo hasi ostean, taldeak norabide egokia bilatu duela ematen du.
Hasieran emaitza onak lortzea kostatu zitzaigun. Alavesen kontra jokatu arte ezin izan genituen garaipen bi kateatu. Azken boladan taldea fidagarriagoa da eta atzean sendotasuna lortu dugu. Gabonetako geldialdiaren ostean gauza positibo asko ikusi dira eta hori da jarraitu beharreko bidea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!