“Umeak publiko gogorra dira; arin ikusten da zerbaitek funtzionatzen duen ala ez”

Aritz Maldonado 2018ko urt. 20a, 10:30

Bartzelonan sortu zuen Anita Maravillas konpainia Miren Larrea (1981) zornotzarrak, Pepe Otalen tailerrean txotxongilogintzan trebatzen ari zela. Domekan San Agustin kulturgunean eskainiko du Jon Braun antzezlana, estreinakoz. Lehenbiziko paserako sarrera guztiak saldu, eta bigarren emanaldi bat egitea erabaki dute. Bihar, urtarrilak 21, goizeko 12:30ean. 

Nondik dator Jon Braun obra sortzeko ideia?
Hasieratik argi genuen umeen istorio bat kontatu gura genuela, munduan zehar umeek jasaten dituzten egoeren inguruan, baina beti ere ipuin tankeran. Iruditu zitzaigun Jon Braunek aukera ematen zuela zoritxar bat ipuin tankeran kontatzeko.
Istorio honen protagonistak Jon Braun eta Malintxe neba-arrebak dira. Kolonializazioaren gaiari nola  egiten dioten aurre aztertzen da.

Lan handia egon da atzetik, imajinatzen dut.
Aurreko lana estreinatu ostean, furgonetako orduetan zer kontatu gura genuen pentsatzen hasi ginen, zerk motibatu ahal gintuen bilatzen. Esan bezala, mundu osoko umeak ordezkatuko lituzkeen zerbait gura genuen, eta zerbait lokala izatea, eta Imanol Urbietaren abestiak hori betetzen zuela iruditu zitzaigun. Guztira, prozesu osoa urtebetekoa izan da. Azkeneko lau hilabeteak izan dira aretoko lana, entseatzekoa.

Azkeneko lau lanak publiko familiarrarentzat dira. Zergatik?
2005ean Valentina Raposo eta biok Bartzelonako Pepe Otalen tailerrean elkartu ginenean ez genekien nora iritsiko ginen. Helduentzako lan bat [Los Sueños de Leonor] egitea zen gure asmoa; festibaletan harrera oso ona eduki zuen, baina ibilbide laburreko lana izango zela ohartu ginen. Orduan, publiko familiarrarentzako zerbait egiteko proposamena iritsi zitzaigun. Hasieran, gure dudak genituen, umeak oso publiko gogorra direlako. Umeek oso argi esaten dute zer pentsatzen duten, eta oso arin ikusten da beraiekin konektatzen den ala ez.
Anita Maravillas birsortu egin da ni atzera Bartzelonatik itzuli nintzenetik. Valentina han eta hemen bizi da. Gu bioz gainera, Ion Chavez dabil argiztatze lanetan, Ivan Alonso zuzentze lanetan, Iñaki Ziarrusta eszenografia kontuetan, eta Fran Lasuen musika arloan. Hemen sustraitu gara jada.

Noiztik duzu harremana txotxongiloekin?
Antzerkia beti izan dut gustuko. Institutu garaian Markeliñegaz ikastaroak jasotzeko zortea izan nuen. Unibertsitate garaian, ostera, ipuin kontaketekin hasi nitzen. Gero, Taupadan hasi nintzen lanean Aitor Ormaetxea zornotzarragaz. Bertan engantxatu ninduten panpinek; momentu horretan hasi zen betirako geratu den zerbait. Ostean, Bartzelonara joan nintzen eraikuntza ikastera eta, bertan, Valentina ezagutu nuen. Txotxongiloak nire sorkuntza artistikoagaz lotuta daude, nire adierazteko modua dira panpina hauek.
Etxean beti izan dugu gustuko antzerkigintza. Nahiko teatreroak izan gara beti, bihotzez ofizioz baino gehiago. Amama bera nahiko teatrera zen, eta beti esan didate hortik datorkidala niri.

Gustukoago, sortzea ala manipulatzea?
Guk beti diogu gure prozesuak tailerrean hasten direla, egur zati batetik. Valentina eta biok gaude trebatuta eraikuntzan, baina, bokazioz, bera da eraikitzailea. Beharrezkoa iruditzen zait tailerrean sartzea haria, bunrakua, eskularrua edo beste edozein teknika ondo kontrolatzeko. Niri, baina, gehiago gustatzen zait sorkuntza,  istorioak nola kontatu eta abar.

‘Jon Braun’, Fetenen, Espainiako jaialdirik garrantzitsuenean aurkezteuko du konpainiak

Otsailaren 18tik 23ra bitartean Feten jaialdi entzutetsua egingo da Gijonen (Asturias). Azken urteetan ohikoa bilakatu da euskal konpainia garrantzitsuenek bertan aurkeztea beraien lanak. Anita Maravillas lehenbizikoz egongo da bertan, aurten, Jon Braun lana aurkezten. “Estatuko jaialdirik garrantzitsuena da, eta guretzat nobedade handia da hori”, adierazi du Larreak. Aukeraz gainera, aurrerantzean eman beharreko pausoak zehazteko lagungarria dela azaldu du. “Erreferentziazkoak diren konpainiek bertan aurkezten dituzte euren obrak”, bukatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!