Zornotzako Udalak Txiki Otaegi kalean dauden hainbat dendetako pertsianak apaindu ditu. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak sustatutako Hirigune programaren barruan kokatuta dago. “Programaren helburua kale edo gune batzuk egokitu eta merkataritzarako erakargarriago bihurtzea da, beti ere azken helburua jarduera ekonomikoa bultzatzea delarik”, azaldu du udalak ohar batean.
Horretarako, udaleko Ekonomi Sustapen eta Enplegu Sailak 29 pertsiana margotu ditu Txiki Otaegi kalean. “Auzokideek inguruan hobekuntzak egiteko egindako eskariari erantzuten die asmoak”, udalaren arabera. Gunea birgaitzeko, 21 lokalen jabeekin harremanetan jarri da. Hauetatik 20 izan dira proiektuan parte hartu dutenak.
Apainketa lanak hiri diseinuan aritzen den enpresa garrantzitsu batek egin ditu hilabeteko epean. Proiektua gauzatzeko 12.826 euro erabili dituzte.