'Artxipielagoa' ikuskizunarekin abiatuko da Zornotza Aretoko 2018ko egitaraua

Aritz Maldonado 2018ko urt. 9a, 12:53

2018ko lehenbiziko seihileko egitarauean antzerkia, musika, zinea eta umeentzako ikuskizunek osatuko dute.

Programazio berria barikuan hasiko da, Artxipielagoa ikuskizunarekin. Kultur eremu ezberdinetako profesionalek sorturiko ekimena da Artxipielagoa, eta bertan, musika, narrazioa, bertsolaritza eta ikus-entzunezkoak uztartuko dira. Lan taldea Ainhoa Garmendia, Belen Ibarrola, Pello Ramirez, Andoni Egaña, Garikoitz Mendizabal eta German Ormazabalek osatzen dute. XIX.mendeko abestiek osatzen dute ikuskizunaren lehenbiziko zatia; bigarren zatiaren ardatza, ostera, azken 40 urteetako abestiak dira, eta publikoak ere abestu ditzan nahi dute. 2017an estreinatu zen obra hau.

Urtarrileko beste ikuskizun indartsuenetako bat Josu Camarak zuzentzen duen Ele!! Lorca-Lauaxeta ikuskizuna izango da. Hilaren 26an egongo da lan hau ikusteko aukera. Dantzaren, hitzaren eta musikaren bidez, Lauaxeta eta Lorcaren ibilbideak gurutzatuko dira.

Zine-klub zikloetarako, berriz, hiru multzotan banatu dira pelikulak. Bost urte darama Kine taldeak formatu honetan antolatzen: hiru pelikula gai bakoitzeko. Urtarrilean, "Euskolabel" izango da zikloaren protagonista. Otsailean, ostera,"Nagusi egitea eta beste arazo batzuk" da, eta martxoan, berriz, "Femeninoan" izango da zikloaren izena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!