Toroitich eta Gebre atletak zornotzako nazioarteko krosean faborito

Jone Guenetxea 2018ko urt. 3a, 11:49

Timothy Toroitich ugandarra eta Trihas Gebre euskalduna dira 64. Zornotzako nazioarteko lasterketan faborito nagusiak. Jauregibarriako zelaiak hamar proba hartuko ditu, domekan. 

Gizonetan, Amos Kirui, Ayad Lamdassem, Ilas Fida eta Daniel Mateo korrikalariak ere Zornotzan izango dira. Emakumeetan berriz, Imana Truyersek, Nuria Luguerosek, Teresa Urbinak eta Iraia Garcia zornotzarrak ere parte hartuko dute.

Lehenengo, ume-kadete, kimu, junior eta gazte mailakoen txanda izango da. Ondoren, bigarren urtez, 1,9 kilometroko lasterketa paralinpikoa egingo dute. Gero, 4,7 kilometroko herri lasterketa prestatuko dute. Nazioarteko proba ostera, emakumeena (8,7 km) 12:30ean hasiko da, eta gizonena (10,7 km) 13:15ean. 

Zornotzako zirkuitoa erreferente da atlestismoaren munduan, eta Europako Atletismo Federazioaren egutegiaren barruan dago. Lasterketaren aurkezpenean Mikel Astorkia Kutxabankeko ordezkariak, Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak eta Juanjo Anderez Zornotzako Kirol Klubeko arduradunak parte hartu dute. Anderezek azaldu duenez, Miguel Bilbao lasterketaren sortzailea eta iaz hil zen Javi Ormaetxe laguntzailea gogoan izango dituzte domekan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!