Amorebieta futbol klubeko taldeek minutu bateko isilunea egin dute Urrenen oroimenez

Jone Guenetxea 2017ko abe. 23a, 16:20
Erregional mailan dabilen Amorebieta futbol taldeko jokalariak minutu bateko isilunea egiten gaur arratsaldean, Txolon futbol zelaian..

Ibon Urrengoetxea Amorebieta futbol taldeko jokalari ohia hil dute gauean Bilboko Abando auzoan. Ertzaintzak azaldu duenez, erasotzaileak lapurretan hurreratu zaizkio eta kolpeka hil dute. Gertaera honek samina eragin du Zornotzan. Jokalari ohia oroitzeko minutu bateko isilunea egin dute Amorebieta taldeko gazteek eta erregional mailakoek euren partiduak hasi aurretik.

Ezohiko isiltasuna sumatu da gaur, Zornotzako Txolon zelaian jokatu diren partiduetan. Goizean, jubenilek eta arratsaldean, erregional mailako taldeak minutu bateko isilunea egin dute Ibon Urrengoetxea taldeko jokalari ohiaren omenez. Maria Eugenia Etxebarria klubeko presidenteak aitortu duenez, Urrengoetxearen hilketa "kolpe gogorra" izan da Amorebietako familiarentzat. Urrenek talde zornotzarrean jokatu zuen eta asteburuetan ere Urritxe zelaira joaten zen partiduak ikustera. 

Datorren asteko martitzenean, Zornotzako Udalak bozeramaile batzordea egingo du hilketa hau salatzeko. Era berean, kontzentraziora deitu du. Martitzeneko batzarrean erabakiko dute elkarretaratzea zein egun eta ordutan egingo duten.

Bermeon ere gogoan

Bermeoko futbol taldean ere jokatu zuen Urrengoetxeak Bigarren B mailan 1994-95 eta 1995-96 denboraldietan. "Bermeo klubak minutu bateko isilunea egingo du gaur arratsaldean eta bere doluminak eraman nahi ditu Ibon-en senideei eta lagunei", idatzi du taldeak sare sozialetan. Urrengoetxea Karmelo ikastetxeko taldean hasi zen futbolean. Handik Amorebietara igaro zen. Bizkaiko talde batzuetan ibili ostean bigarren etapa bat izan zuen Amorebietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!