Aldaketa horrek bere isla du emaitzetan. Iaz, denboraldi osoan partidu bakarra irabazi zuten. Aurten, oraindino ez dira denboraldi erdira heldu eta hiru garaipen daramatzate.
“Sorrerako ideia denboragaz taldea adar bitan banatzea zen: aisialdirako taldea eta lehiarakoa. Baina hori oso gaitza da eta lehia lehenetsi dugu”, adierazi du Edurne Azpitarte jokalari eta zuzendaritzako kideak.
Gorka Barrenetxea entrenatzailearen lana azpimarratu du. “Oso inplikatuta dago. Aurkarien partiduak ikustera joaten da eta ikusitakoaren araberako planteamenduak egiten dizkigu. Hori igarri egiten da partiduetan”.
Etxean entrenatzeko aukera
Herrian bertan entrenatzeko toki aproposa izateak ere laguntzen du. Iaz kalean edo Lemoako kiroldegian entrenatzen ziren, udal bien arteko akordio bati esker. Aurten, Zornotzako Larrea kiroldegian edo Larrea ikastetxeko azpiegituretan entrenatzen dira. Alde horretatik, Luciano Martinez zinegotziak egindako lana eskertu du Azpitartek. “Asko laguntzen ari zaigu”.
Horrela, makineria finduta eta jokalari berriek lagunduta, emaitzak heltzen ari dira. Otxartabe, Goiztir eta Iraultzaileak taldeen kontrako garaipenek hori erakusten dute. Otxartaberen kontra golak sartzeko ahalmena ere badutela erakutsi zuten, aurkariaren atea lau bider zulatuta. Bigarren Erregionaleko talde apalenetakoa izaten jarraitzen dute, baina “gero eta hobea” izateko bokazioagaz.