Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera izena du Gorka Mercerok (Lasarte-Oria, 1969) idatzi duen eta Santi Onaindia bekari esker argitaratu den liburu berriak. Sarritan lausoegiak diren kontzeptuetatik abiatuz, mundu ikuskerak zehazteko “ahalegin handia” egin duela adierazi du. Bere ikerketan pentsamendu moderno edo ilustratua eta postmodernismoa “apur bat kontrajartzera” iritsi da. Lau mundu ikuskera detektatu ditu euskal narratiba garaikidean eta horiek jaso ditu liburuan.
Saizarbitoriaren eleberria, genero ikuspuntutik
Hurrengo beka nori eman dioten ere gaur jakinarazi dute. Jasotako lau proposamenetatik, Lourdes Otaegi beizamarrak (Gipuzkoa) eta Garazi Otxagabia lakuntzarrak (Nafarroa) aurkeztutakoa aukeratu du epaimahaiak. 9.000 euroko laguntza izango dute.
Ramon Saizarbitoria idazlearen Bihotz bi: Gerrako kronikak nobelan bikote harremanak eta indarkeria matxista zelan jasotzen edo lantzen diren aztertuko dute. Gai horren inguruan Master amaierako lana egin du Otxagabiak eta bekak gehiago sakontzeko aukera eskainiko dio. “Saizarbitoriaren lanak askotan historiaren eta euskal gatazkaren ikuspuntutik aztertu izan dira. Baina lan horien oinarrietan gizakien eta bikoteen harremanak dezente galtzen direla uste dugu. Erakutsi nahi dugu protagonisten artean tratu txar psikologikoak badaudela. Horiek erakusten saiatuko gara”. Aldi berean ikuspuntu “berritzaile” bat eskaintzen saiatuko dira. “Eleberrian agertzen diren artelan eta abestien bidez protagonistak jasaten duen egoera Saizarbitoriak nola islatzen duen erakutsi nahi dugu”.
Zornotzako Udalak eta Ametx erakundeak bi urterik behin ematen dute Santi Onaindia beka. Labayru Fundazioaren laguntza jasotzen dute.
Labayru Fundazioko Adolfo Arejita, Zornotzako Udaleko Luciano martinez, eta, beka jaso duten Lourdes Otaegi eta Garazi Otxagabia gaurko prentsaurrekoan.