Aniztasun funtzionala dutenentzako gune bat izango du Zornotzako Jokoan jaialdiak

Joseba Derteano 2017ko aza. 29a, 14:15

Iaz 900 bat lagun batu zituen jaialdiak eta aurten gehiago batzea itxaroten dute antolatzaileek.

Asteburuan antolatuko duten mahai-jokoen jaialdian aisialdi inklusiborako proiektua aurkeztuko dute.

Ametx Erakundeak antolatutako ekimenak askotariko ekintzak batuko ditu zapatuan eta domekan, Zelaieta Zentroan. Aurten hainbat nobedade dituzte. Gune batean ‘Gaur denok jolastuko gara’ izeneko proiektua aurkeztuko dute. Beharrizan berezien eta aniztasun funtzionalaren arloan lan egiten duten elkarteei zuzendutako proiektua da eta aisialdi inklusiboa sustatzea du helburu.  Programa honek mahai-jokoak erabiltzen ditu elkarte horietako erabiltzaileak ahalduntzeko.

Beste berritasun bat euskarazko mahai-jokoetan ahalegin berezia egingo dutela da. Horrela, euskarazko mahai-jokoak bilduko dituen txoko bat egongo da.

Jaialdiak 100 mahai-joko baino gehiagotan jokatzeko aukera eskainiko du hainbat gunetan banatuta. Goizez (11:00-14:00) zein arratsaldez (16:00-20:00) irekita egongo da doako sarrerarekin. Gaztetxoentzako txoko bat eta ludoteka ere eskainiko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!