Epai batek kalteordaina jasotzeko eskubidea aitortu dio Zornotzako Udalean ibilitako funtzionario bati

Joseba Derteano 2017ko aza. 20a, 10:31

ELAren ustez, sententzia horrek, gaur egun administrazio ezberdinetan indarrean dagoen negoziazio eredua “aldatzeko beharra” azaleratzen dute.

Azkenaldian, epai europarrek mugak ezarri dituzte herri-administrazioetako behin-behineko kontratazioaren esparruan, Europako arauteria urratu delakoan, ELAk ohar batean azaldu duenez. Hortaz, Europako Auzitegiak ezarri du, batetik, “beharrizan iraunkorrak behin- behineko kontratazioaz betetzeak zigorra merezi duela, eraginpeko langileak babestu behar baitira”. Eta bestetik, “kontratua amaitutakoan behin-behineko langileei eta finkoei kalte-ordain desberdinak ematea diskriminazioa dela”.

Udal administrazioan, lehen epaia eman dute eta Zornotzako Udalari eragiten dio. ELAk aurrera eramandako prozedura bati esker, epaitegiak, kalteordaina kobratzeko eskubidea aitortu dio Zornotzako Udalean hainbat urtez lanean jardun zuen funtzionario bati. Lan urte bakoitzeko 20 lan eguneko kalteordaina.

Datozen asteetan beste hainbat epai izango direla aurreratu du ELAk. Sindikatuaren ustez, sententzia hauek, “gaur egun administrazio ezberdinetan indarrean dagoen negoziazio eredua aldatzeko beharra azaleratzen dute eta berriro eskatzen diegu euskal administrazio guztiei, enpleguak egonkortzeko neurriak berehala hartu ditzatela”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!