Eguenetik domekara Luis Urrengoetxea kaleko jaiak ospatuko dituzte Zornotzan. Lutaber elkarteak hainbat musika kontzertu antolatu ditu eta denen gainetik Su Ta Gar-ek eskainiko duena nabarmentzen da. Eibarko metal taldeak bere abesti klasikoak zein berrienak erakutsiko ditu zapatuan, Zelaieta parkean. Emanaldi nagusiaren aurretik, 21:30ean, Zona Especial Norte-k RIP taldearen bertsioekin osatutako kontzertua eskainiko du.
Egunean zehar ere musika doinurik ez da faltako. Eguerdiko giroa tritikilariek berotuko dute eta 18:00etatik aurrerako poteoa Kittu txarangak alaituko du. Ekitaldi bien artean sukalki txapelketa egingo dute. Azaroaren 9a, eguena, da izena-emateko azken eguna.
Jaiak eguenean hasiko dituzte, 19:00etako txupinazoagaz. Barikuan txistularien saioa egongo da 19:00etan, eta punk-rock kontzertua 22:00etan. Beste bertsio talde bat izango da protagonista: Tocan2 La Polla talde nafarra. Kasu honetan La Polla Records taldearen klasikoak joko dituzte, formatu berezian jo ere, kaxoi flamenkoarraren eta guitarraren laguntzagaz.
Domekako egitaraua ekitaldi bik osatzen dute. 12:00etan Antxon magoak magia saioa eskainiko du Harrison Parkean. Azkenik, 15:00etan, Lutaber errifaren zozketa egingo dute Euskal Herria enparantzan. Irabazleak 600 euroko balioa duen bidaia bonoa irabaziko du. Bigarren saridunak Marques de Vitoria upategirako bisita eta bazkaria irabaziko ditu eta, hirugarrenak, abenduaren 3an Athleticek eta Real Madrilek jokatuko duten futbol partidurako sarrera bi lortuko ditu.