“Baliabide gutxigaz pelikula bat egin daiteke gaur egun, eta hori oso ondo dago”

Aritz Maldonado 2017ko aza. 6a, 17:00

Alberto Laguna (1990) eta Iker Bilbao (1994)

Zenbait sari jaso dituzte Eguzkiaren Bila websailagatik Alberto Laguna eta Iker Bilbao zornotzarrek. Azkena, Bilboko Seriesland jaialdian jaso duten Euskal websail onena izateagatik jaso dute. Honi esker, nazioartean erakutsi ahal izango dute beraien lana.

Espero al zenuten saria?
Iker Bilbao: Ez genuen espero horrelakorik, baina beti dira ongi etorriak horrelakoak.  
Alberto Laguna: Jaialdi hauen helburua websailak nazioarteratzea izan ohi da. Gure kasuan, Serieslandekin anaiturik dauden Die Serielan (Alemania), Miami Web Fest (AEB) eta Seoul Web Fest (Hego Korea) bisitatuko ditugu.

Ikus-entzunezko munduan profesionalki ari zarete?
A.L.: Ez, ikasketak iaz amaitu genituen biok. Nik gidoigintza ikasi nuen, Anima eskolan.
I.K.: Nik Euskal Herriko Zinema Eskolan ikasi nuen. Bestelako lan bat irten bitartean, gure proiektuetan ari gara lanean.
A.L.: Oraingoz, Eguzkiaren Bila mugitzen ari gara, eta dirutxo bat irabazi dugu. Gidoilaria izanik, ekoiztetxe handi batean lan egitea gustatuko litzaidake, Espainiako batean edo; halere, gauza gaitz dago.
I.B.: Niri gehiago gustatzen zait zinearen alde sortzailea. Nire ametsa zuzendaria izatea litzateke. Halere, hau ere oso zail ikusten dut. Editore legez lan egitea ere asko gustatuko litzaidake.

Websailak etorkizuna ala oraina dira?
A.L.: Espainian websailak hasi baino ez dira egin. Frantzia, Alemania eta Kanada herrialdeetan, esaterako, erraldoiak dira, beste telesail batzuk balira bezala tratatzen dira. Milioi bat euroko aurrekontua duten websailak ezagutu ditugu. Sare sozialak baino haratago doan fenomeno bat da hau, telebista eta mugikorretako zenbait aplikazioren bidez ikusi daitezke. Harrituta geratu gara festibalean ikusitako askogaz.
I.K.: Azken finean, websail bat egitea aurrekontu baxuko pelikula bat egitea bezalakoa da. Denboraldi batek hamar minutuko zortzi saio izan ohi ditu; guztira, 80 minutuko grabazioa da. Baliabide gutxigaz pelikula bat egin dezakezu, eta hori oso ondo dago.

Asko ikasten da horrelako festibaletan?
I.B.: Bai, ikaragarria da. Eskaintzen diren hitzaldietan asko ikasten da.
A.L.: Sektoreko profesional pilo bategaz hitz egiten duzu. Joerak zeintzuk diren, zeintzuk diren irekitzen diren merkatuak, eta, gainera, harreman ugari egiten duzu. Horrez gainera, hainbat sortzaileren postuak bisitatu ditzakezu, eta asko ikasi daiteke beraiekin hitz egiten.

Baduzue proiekturik esku artean?
I.B: Pertsonalki, 2d animazioa ikasten hastekoa naiz. Bestalde, gidoi batzuk idatzita ditugu. Hemendik aurrera, ideiak landuko ditugu, ekoizleei saltzeko. Serieak beharrean, ideiak erosten dira orain.
A.L.: Ez da ohikoena, baina iaz, Netflix produktoreak websail bat erosi zuen, festibalean.

Babes ekonomiko bila dabiltza bigarren denboraldia ekoizteko

Lagun artean Youtubeko kanal bat sortuz hasi zena nazioartera iritsi den proiektu bilakatu da. Mangamoreko antolatzaileek jaialdia iragartzeko websail bat egiteko proposamena jaso zuten Bilbaok eta Lagunak urte hasieran, eta buru-belarri jardun dira lanean ordutik. Urtarril eta martxoa bitartean, gidoiak prestatu zituzten, eta ostean grabaketekin hasi ziren. “Beharbada anbizio gehiegi izan genuen hasieran”, azaldu du Lagunak. Izan ere, zortzi ataleko denboraldia egitea zen sortzaileen asmoa. “Ikusi genuen ez genuela garaiz entregatuko, eta hori dela-eta bosgarren atala amaiera ireki bategaz uztea erabaki genuen”, argudiatu du Bilbaok.
Bigarrenaren bila
Esku artean bestelako proiektuak ere eduki arren, zornotzarrentzat lehentasuna da Eguzkiaren Bila websailaren bigarren denboraldiari ekitea. Horretarako, laguntza ekonomikoa eskatuko diete erakundeei. “Eusko Jaurlaritzak 25.000 euroko diru-laguntzak ditu gidoietarako eta ekoizpenetarako. Hori eskatzeko, txosten bat idazten ari gara”, dio Lagunak.
Zero euroko aurrekontua
Lehenbiziko denboraldiko bost atalak babes ekonomikorik gabe grabatzeko, beharrezkoa izan dute ingurukoen laguntza. Soinu banda, adibidez, kuadrillako batek egin die, eta aktore lanak egiteko, hurbilekoak gertu eduki dituzte.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!