Anbulatorio ingurua urbanizatzeko lanetan 235.000 euro inbertituko dituzte. Besteak beste, Santa Ana auzoa eta Kaitana plaza lotuko dituen arrapala egingo dute. Sigi-sagan joango den bideak 220 metroko garapena izango du eta barandekin osatuko dute, udalak ohar baten bidez informatu duenez.
Era berean, parke alboan dagoen horma bota eta ingurua oinezkoentzako gune bihurtuko dute. Arrapala eta anbulatorio inguruko urbanizazio guztia zolatzeko granitozko baldosa erabiliko dute eta euri uren sarea ere arrapalatik joango da.
Zolatutako gune osoan 20 farola jarriko dituzte eta inguruko landare lurra zabalduko dute. 1. 500 metro karratuko espazioan soropila erein eta gaztainondo bi, lau gereziondo japoniar eta haritzondo bi landuko dituzte.
Lanen bigarren fasean, San Migel 21 eta Kaitanako plazak batuko dituzte. Horretarako, adreilu fabrikako horma botako da eta, haren ordez, eskailera batzuk jarriko dituzte zuzenean plazara joateko. Gainera, garajeko arrapala inguruan baranda bat jarriko da.