Umeentzako eskaintza euskaraz, baina helduentzakoa gaztelaniaz eskaintzen dela dio Behatokiak. Ildo horretatik, aurtengo otsaileko osoko bilkuran onartutako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planeko eta hizkuntza irizpide berriko atal bat gogora ekarri du Behatokiak. Honela dio Planeko seigarren puntuak: “Udalak edo erakunde autonomoek antolatzen, kudeatzen edo bultzatzen dituzten ikastaroen %50 gutxienez, euskaraz izateko eskubidea dago”.
Udalari gutun bat bidali diote eta erantzuna jaso dute. “Argi dago ez dugula herritarrei aitortu diegun eskubidea bete”, dio Behatokiari bidalitako erantzunak, eta egoera konpontzeko neurriak iragarri dituzte. “Bete behar diren neurriak hartuko ditugu 2018ko urtarrilean, eta gerokoetan egingo diren programazioetan euskarazko eskaintza bermatzeko eta herritarrei aitortu diegun eskubidea betetzeko”, gaineratu dute.
Zornotzako herritar biek hedabideetara bidalitako iritzi gutunean gogor salatu dute gaur egungo egoera. “Berriro ere herritar euskaldunak gaztelaniaz egitera behartzen gaituzte, eta, horrela, beste behin euskaldunoi bigarren mailako izaera ematen digute inplizituki. Euskaraz bizi, lan egin, gozatu edo aisialdia betetzea gure eskubidea da. Eta ez da hautu pribatu bat, zerbitzu publiko bati buruz ari gara”, adierazi dute gutunean.