Aniztasun funtzionala duten adingabekoentzat diru-laguntzak onartu dituzte Zornotzan

Anboto 2017ko urr. 30a, 14:00

Zornotzako Udalak desgaitasunen bat duten adingabekoentzat diru-laguntzak emateko oinarriak aldatzea onartu du. Programa honen helburua herritar guztien bizi kalitatea hobetzea da baina bereziki baztertuena, familian, eskolan eta gizartean integratuz eta euren autonomia pertsonala ahalbideratuz, udalak ohar batean informatu duenez.

Diru-laguntzak urtero emango dira eta zenbatekoa hainbat elkarte publikok emandako tratamenduek sortutako gastuei aurre egiteko erabiliko da. Diru-laguntzen zenbatekoa tratamendua eman duen elkarteak aurkeztutako aurrekontuaren %70 izango da. Ezin izango da gastuaren %100 gainditu.

Diru-laguntza horien onuradunak Zornotzan erroldatuta dauden adingabeak izango dira eta Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako minusbaliotasuna izan behar dute. Era berean eskariak aurkezteko epea deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasiko da eta diru-laguntzak eskariak jaso ahala banatuko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!