Seme-alabak jaiotzeagatik ematen diren diru-laguntzak eskatzeko modua erraztu dute Zornotzan

Joseba Derteano 2017ko urr. 30a, 08:00

Aurrerantzean familiek ez dituzte agiri ofizial guztien fotokopiak aurkeztu beharko, nahikoa izango da originalekin. Errolda egiaztagiririk ere ez da beharko.

Zornotzako Udalak seme-alabak jaio edota adingabeak adoptatzeagatik ematen dituen diru-laguntzak eskuratzeko prozedura erraztu du. Diru-laguntza hori seme-alabak izan edota adoptatu ondorengo urtean izaten diren aparteko beharrizanei erantzun eta herrian bizi diren familiei diruz laguntzeko sortu zen. Era berean, diru-laguntzak herriko merkataritzari lagundu nahi dio, herritarrak etxe alboko dendetara hurreratuz.

Diru-laguntza 300 eurokoa izango da seme-alabako eta jaioberriaren edota adoptatuaren beharrizanetarako izango da.  Gastua umeentzako gauzak saltzen dituzten Zornotzako denda txikietan egin behar da.  

Azken bi hamarkadetan Zornotzako biztanleria %16,6 hazi da, udaleko ohar batean informatu dutenez. Horrek esan nahi du gazteria handitu dela, 0-20 urte arteko biztanleak %25 direlarik.  

Seme-alabak jaiotzeagatik iaz emandako diru-laguntzei dagokienean, iaz 168 familiek jaso zuten eta beraz, 50.400 euro bideratu ziren horretara.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!