“Kontzertu bakoitza animo pildora bat da, eta Zornotzan kantatzeko, gainera, bereziki gogotsu nago”, adierazi du musikariak. “Beste kontzertuetara ez bezala, honetara familiakoak etorriko dira, eta halako detaileek ilusio berezia egiten dute”.
Martxoan argitaratu zuen Margolaria, eta grabazioan ondoan izan zituen musikariek lagunduta, lan horretako kanta guztiak jo ditu azken hileetako kontzertuetan. “Oso gustura ibili gara; uste dut jendeak ondo hartu dituela kanta berriak”, dio. Azken kontzertuak ezohikoak izan dira: duela hiru hilabete istripua izan zuen mendian, eta hanka bietan min hartuta, udan gurpil-aulkian eserita eskaini behar izan ditu kontzertuak. Makuluekin dabil orain.
Taldeagaz gustora
2015ean bakarka kaleratu zuen diskoaren ostean, taldeak lagunduta dabil berriro Urdangarin. “Eszenatokira zure gitarragaz eta ahotsagaz bakarrik edo talde sendo baten laguntzagaz ateratzea oso gauza diferenteak dira: biek dute bere xarma, baina, orain, taldeagaz oso gustura nabil”, adierazi du.
Datorren hilean, hiru kontzertu eskainiko ditu Argentinan; Buenos Airesen, La Platan eta San Nicolasen joko du. San Nicolasen, hango Arte Eskolako musikariekin arituko da. Margolariako kantak ikasten ari dira musikari argentinarrak saio horretarako. Argentinatik bueltan, Durangoko Plateruenean arituko da, azaroaren 25ean.