Nafarroa Zentroa osorik eraberrituko dute, hainbat fasetan. Lehenengo faseko lanak amaitu dituzte 450.000 euroko inbertsioagaz eta horien berri eman dute gaur. Bigarren solairuko 630 metro karratutan eraberritze integrala egin dute: berogailu eta aireztatze sistemak zein ur-hornidurari eta argiteriari dagozkien azpiegiturak berriak dira.
Barruko espazioa berrantolatu egin dute. Gelen kokapen berriak, esaterako, kaletik sartzen den argitasuna hobeto aprobetxatzen du; hau da, gela argitsuagoak dira. Beraz, lanen aurretik han zeuden elkarteek (AIDAE, Down Sindromea Fundazioa…) gela berriak eta egokiagoak izango dituzte. Espazio hartako gela batzuetan zerbitzu berri bat ere jarriko da martxan: autonomia maila handia duten adinekoentzako zerbitzua. “Sozializatzeko eta estimulu berriak bizitzeko gune bat izango da. Bertan jateko aukera ere egongo da”, adierazi du Gizarte Ekintzako zuzendari Begoña Nazabalek. Zerbitzu hau datorren urte hasieran abiatzekoak ziren, baina espazio hori bigarren faseko lanek eragindakoekin elkarbanatu beharko dela kontuan hartuta, 2018ko irailean martxan jarri daitekeela aurreikusi dute.
Era berean, Jubilatuen Egoitzako tabernan ere lanak egin dira sukaldea prest izateko eta eraikineko larrialdi irteerak egokitzeko.